Atarikoan egindako bideoan argi utzi zuten Ulacia Grupokoek: zaletui urte guztiko babesa garaipenarekin eskertu nahi zieten. Eta hala irten ziren kantxara, garaipenaren bila itsu-itsuan.
Hala, pixkanaka tartea egiten hasi ziren lehen laurdenean. Santurtziren erasorako gaitasuna ongi geratu zuten, kanpokoek zazpi puntu baino ez zituzten sartu laurden honetan. Hala, 8 puntuko abantailak itxaropenaren atea zabal-zabalik zituen ateak.
Bigarren laurdenean, ordea, itzalixeago ibili ziren gure mutilak eta Santurtzik akats gutxiago egin zituen. Dena dela, eta tartea laburtu zuten arren, moreak normalean baino eskasago zeudela argi ikusten zen. Ezinean ikusten ziren eta Ulaciako mutilak gehiago zirela ikusten zen uneoro larunbatean.
Atsedenaldira aurretik joanda, garaipena etxean uzteko martxa bat gehiagorekin irten ziren kantxara Iñaki Jimenezen mutilak. Joko alaia, defentsan sendo eta jokalari asko ekarpen ona eginaz. Lau jokalarik 10 puntu baino gehiago sartu zituzten erasoan eta hori nabari zen. Talde jokoa banakako jokoaren gainetik.
Eta helburua lortu zuten, 26-15eko partzialarekin partida hautsi zuten eta azken laurdena gozatzeko erabili zuten. Tarte handia markagailuan, Santurtziren kontra sekula ikusi ez zena ikusiaz: Ulacia jaun eta jabe. Hiru urtetan ezin izan zaie partidarik irabazi eta oraingoan bai.
Azken laurdenean 20-20 eginda, markagailua itxuratu zuten bizkaitarrek. Bukaeran 73-58. Hemen estatistika. Sekulakoa egin zuten etxekoek eta urte guztian merezi izan dutena eskuratu zuten, nahiz eta behar baino beranduago iritsi zaien saria.
Hona hemen Iñaki Jimenezek esaten zuena:
Datorren partida Burgosen jokatuko dute, larunbatean, 19:00etan, Universidad de Burgosen kontra. Jokoan ezer ez duten bi talde izan arren, garaipenarekin bukatu nahi dute bi taldeek denboraldia. Zarauztarrak etxean sartuta geratu zitzaien arantza ateratzera joango dira Gaztelara. Ea irribarrez itzultzen diren!