Ulacia Grupo bolada txar batean murgilduta dabil azkenaldian. Min hartutako jokalarien zama eta ozta-ozta ihes egindako garaipenen ondorioz, azken hiru partidetara garaipen gosez iritsi dira Iñaki Jimenezen mutilak.
Asteburu honetan Kantabriara, Santander aldera, joango dira Gallofaren aurka jokatzera. Kantabriarrak sei garaipeneko boladan daude murgilduta eta bigarren itzuli oso ona egiten ari dira. Azken partidaraino igoera fasea jokatzeko lauko finalean egoteko borrokatuko dute.
Talde sendoa dute, esperientzia handikoa eta fitxaketa onak eginez osatua. Barrutik bi amerikar dituzte Champaigne, azkenaldian oso ondo dabilen jokalaria, eta Knight fisikoki sekulako gaitasuna duena.
Kanpotik, berriz, jaurtitzaile finak dituzte. Jaime Garcia Solana hegalekoa, barneraketetan ere min egiten dakiena. David Garcia Peña esperientzia handiko antolatzailea, 80ko belaunaldi entzutetsuan azken taldearen atarian geratu zena. Eta, Antonio Izquierdo, iaz Valladolidekin zilarrezko LEB ligan igoera eskuratutakoa, Horiez gainera, Bartolome hegalekoa dute, arlo guztietan ekarpena egiten duen.
Joanekoan, etxeko partidan, bukaeraraino borrokan aritu ziren zarauztarrak eta, gaur egun nahiz eta egoera ez den bera, garaipenarekin itzuli nahi dute etxera Ulacia Grupokoek. Ea zortea alde duten!
Gainerakoak
Gainerako taldeei dagokienean, errendimenduko infantil neskek liga erregularreko azken norgehiagoka jokatuko dute igandean, 18:00etan, Antoniano kiroldegian, Hondarribiaren kontra.
Aste santuan ere lanean jarraitu dute, Blanesen (Katalunia) txapelketa batean jokatuz. Lan bikaina egin ostean, txapeldunak izan ziren. Nahiz eta ligan zehar emaitzek ez dieten lagundu, gure neskek pozik jarraitzen dute lanean, jakin badakitelako luzera begira bere fruituak emango dituela bidean egindako lan gogorrak.
Gainerako partidak kontsultatzeko klikatu HEMEN.