Lau partida geratzen dira EBA Ligan 2017-2018 denboraldiari bukaera emateko. Datorren jardunaldia, bihar, larunbata, 20:00etan jokatuko dute Donostian gure mutilek.
Parean oso denboraldi ona egiten ari den Easo Loquillo taldea izango dute. Sailkapenean hirugarren daude donostiarrak, laugarrenarekiko bi garaipeneko aldearekin. Hala, igoerarako lauko finalean egoteko tokietan daude eta garaipenak sekulako aurrerapausoa emango lieke Gotzon Arrietaren mutilei.
Ulacia Grupori, ordea, gauzak asko zaildu zaizkio Eguesibarko taldearen kontra galdu eta gero. Gainera, mina hartutako jokalariekin arazoak dituzte oraindik eta larunbatean zeintzuko jokatuko duten ez dakite oraindik.
Easok ere min hartutako jokalariak ditu, baina talde aparta dute aurten. Lau jokalari ACB Ligako Delteco GBCrekin dabiltza: Asier Azpeitia, Xabi Beraza, Mikel Sanz eta Jon Urtxutulegi. Bi hegaleko eta bi barruko jokalari. Dena dela, Sanz min hartuta dago orain eta errekuperazio prozesuan murgilduta dago.
Antolatzaile postuan, ligan esperientzia zabala duen Iñigo Del Valle dute erreferente nagusi. Hala ere min hartuta egon da eta, tarte horretan, Iker Arrietak oso ondo bete du haren hutsunea. Kanpoko lerroan, aurretik aipatutakoez gainera, jaurtitzaile onak dituzte: Nico Mayer eta Iñaki Nagore.
Bukatzeko, barrutik ligako jokalari altuenetako bat dute, Iñigo Sarasola. Horri Urtxutulegi eta Berazaz gainera, Mikel Esnaola eta Pablo Huici gehitu behar zaizkie.
Talde laburrarekin dabiltza azken aldian baina kalitate oso altuko jokalariez osatzen da. Intentsitate altuan, azkar eta indartsu jokatzen dute donostiarrek eta defentsan sendoak dira. Ulaciako mutilentzat saskiratzea ez da erraza izango, baina gogor saiatuko dira ziur.
Lehen minututik azkenera saiatuko dira Easo Loquillokoak erotzen. Animo Ulacia!