Home ZAST

Errendimenduko infantil neskak: Zast Zarautz ZKE 76-23 Askatuak Haundi Arrosa

Partidu borobila gure infantil neskena, berrogei minutuz lanari etenik eman gabe. 

<   >

Errendimenduko infantil neskei azken sailkatuak bisitatzen zien igandean Aritzbatalde kiroldegian, eta azken partidatan egiten ari ziren akatsak zuzentzeko aukera bikaina zen. Ondorioz, neskek garbi zuten partidari zegokion tentsioarekin ekin behar zietela, azken jardunaldietan falta izan zaiena hain zuzen ere.

Esan eta hala bete zuten, jokuko lehen minutuan 12-0eko partzial bat sartuz. Defentsako lan gogorra gakoa izaten ari zen beste behin. Etxekoen bakarkako presioak min handia egiten zien Askatuakekoei zailtasun asko sortuz. Eta, horretaz baliatzea lortuta, markagailuan ihes egin zuten ZASTekoek lehen laurdena 23-5 amaituz.

Bigarren laurdenak bide beretik jo zuen, nahiz eta zerbait gehiago kosta izan zitzaien saskia aurkitzea laurdenaren hasieran. Atsedenaldian 40-13.

Ikusi beharra zegoen ea gai izango ziren dinamika positibo hori mantentzeko hirugarren laurdenean eta egin zuten, lanean gogor jarduteari utzi gabe. Hirugarren laurdenaren amaieran 55-17.

Azken laurdenean aipatzekoa etxekoek saskipean huts egindako saiakeren kopurua. Gehiegi agian, baina gure neskek, nahiz eta huts garbiak egin, ez zuten amore eman eta lanean jarraitu zuten baloiak saskian amaitu zezan. Amaieran 76-23.

Aste garrantzitsuan daude murgilduta. Geratzen zaizkien bi finaletako lehenengoa jokatzeko prest egoteko gogor dabiltza lanean Jokin Zulaikarenak. Garaipenak baino ez die balio lauko finalean sartzeko aukeraren bat izaten jarraitzeko.

Aupa neskak!! 123 Zast!!

AURREKOA    HURRENGOA