Home ZAST

Urertzera iritsi eta bertan ito ziren Ulacia Grupokoak Iturripen

Atarikoan aipatzen genuen: berebiziko garrantzia zuen igandeko partidak. Bi taldeak serio irten ziren kantxara. Defentsa gogorrak eta puntu gutxiko partida izango zenaren aurreikuspena.

<   >

Mondragon Unibertsitateko mutilek ez zuten saskiaren aurrean gehiegi asmatzen. Barberoren portzentajeak kenduta, gainerakoak eskas aritu ziren saskiari begira, nahiz eta Rutherfordek 5 hiruko sartu 9tik (guztira 18 jaurtiketa egin eta 6 sartu zituen estatubatuarrak).

Ulacia Grupok, errebotean agindu zuen, nahiz eta nahi baino erasoko errebote gehiago kendu zizkien arrasatearrek. Baina antolatzailerik gabe ziren beste astebetez, eta hori gogor zigortu zuten MUkoek. Partida guztian presio handia egin zuten defentsan eta pase lerroak ongi zaindu zituzten. Hala, zarauztarrek 25 baloi galdu zituzten.

Lehen laurdena berdinduta bukatu bazen ere, bigarrenean zazpi puntuko abantaila hartu zuten etxekoek. Hala, atsedenaldian 30-23 galtzen ari ziren Ulacia Grupoko mutilak.

Aldagelatik susperraldian itzuli ziren ordea, eta hirugarren laurden on bat eginda, markagailua irauli zuten 8-19ko partzialarekin. Garaipenaren bidean jarri eta harri eusteko moduan izango zirela zirudien. Azken laurdenean minutu bat eskas pasa zenean, 41-46 ziren aurretik zarauztarrak eta Arrasateko taldea bonusean zen.

Baina saskiari begira zuten emaria gutxitu zitzaien gure mutilei, eta, moreek aurretik huts egindako dena saskira sartu zuten laurden honetan. Hiru minuturen faltan 57na berdinduta ziren bi taldeak. Etxekoek hirukoa saskiratu zuten eta, segidan, Marcellus Robertsek min hartu zuen.

Hortik aurrerakoa jakina da. Hiru minutuan saskiratzeko gaitasunik ez zuten izan Ulacia Grupokoek eta 66-57 bukatu zen partida.

Hemen partidaren estatistika.

Asteburu honetan Eguesibarko taldea izango da bisitari Aritzbatalden. Sailkapenean urrunegi egon ez arren, neurketa gogorrak jokatzen dituen taldea da nafarra. Ea garaipenak ez duen ihes egiten eta oraingoan etxean geratzen den.

AURREKOA    HURRENGOA