Home ZAST

Asteburuko atarikoa: martxoak 10 eta 11

Karteldegi osotik aukeraketa eginda, Aritzbatalden igande arratsaldean izango diren partidak erakargarritasun berezia dute.

<   >

Zailtasunen aurrean gauza berriak probatzen ari dira Ulacia Grupoko mutilak. Pielagosek sekulako taldea du, berez EBA ligan goiko postuetan egoteko modukoa. Baina, lesioak tarteko, ezin izan dute hala ibili. Orain, badirudi talde osoarekin konta dezaketela eta emaitzetan nabari da, nahiz eta aurreko asteburuan Eguesibarko taldearen kontra galdu.

Uztaipean sekulako jokalariak dituzte. Garcia Laya eta Lombera aski ezagunak dira, lehenak errez saskiratzen du eta bigarrenak ibilbide zabala du. Horiez gainera, Seck goragoko mailetan aritu daitekeen jokalaria dute.

Baina kanpoko lerroan ez dira motzago geratzen, Gago eta Lee dituzte, puntu asko sartzeko gai direnak. Horiei Sergio Iglesias, fisikoki potentea den jokalaria, gehitu behar zaie. Palazuelos eta Robertson gazteak ere urte txukuna egiten ari dira Pielagosen.

Partida polita ikusiko dugu Aritzbatalden, igandean, 18:30ean. Joko irekia eta polita egiten du Pielagosek, ligako saskiratzaile nagusienetakoa da talde kantabriarra. Baina horri aurre egiten saiatuko dira Ulacia Grupokoak. Jokatzeko moduan diren jokalariak lan ona egin dute astean zehar eta beren esfortzuarekin bertaratutako zaletuei jokorik onenarekin eskertzen saiatuko dira. Ea garaipenaren bideari eusteko moduan diren.

Harrobia

Euskal Ligako kadete mutilak fase berriko lehen itzulian partida guztiak galduta dira. Dena dela, datorren urterako maila mantentzeko txartela ziurtatu zuten lehen fasean. Bi partidetan izan ezik, gainerakoetan markagailu estuak izan dituzte dena dea Asier Recondoren mutilek. Igandean, EBA ligako partidaren aurretik, 16:00etan, Easo Adarra taldea hartuko dute Aritzbatalden.

Lehen mailako seniorrak lider direnengatik garaipen bakarrera daude. Liga estu dagoen arren, lauko finalean egon nahiko lukete Oraitz Garciaren mutilek. Aste honetan aurkari zuzen baten kontra, Askatuaken kontra, jokatuko dute Donostian.

Errendimenduko junior mutilek 5etik 4 garaipen eskuratu dituzte fase berrian. Lehen itzulia bukatuta, lidertzan berdinduta dira Añorgarekin. Errendimenduko kadete neskek ere emaitza berak pilatu dituzte, baina Easo dago lider haien multzoan. Bigarren itzulian maila mantentzen badute, lauko finalean egoteko moduan izango dira biak juniorrak zein kadeteak.

Bukatzeko, errendimenduko infantil neskek, berdinduago dute lauko finalerako borroka. Hiruko berdinketa batean daude kanporaketak jokatzeko aukera ematen duen laugarren txartela lortzeko borrokan. Aste honetan Iraurgi, hirugarren sailkatua, hartuko dute Zarautzen.

Ea emaitzak lagun izaten dituzten!

AURREKOA    HURRENGOA