Home ZAST

Gehiago merezi genuen

Igandean 45 minutuko partidaren ostean 3 puntuz galdu zuen Ulacia Grupok Pas Pielagosen aurka. Bigarren urtez jarraian, luzapenean kantabriarrak garaile.

<   >

Laurdenez laurden, minutuz minutu, lan txukuna egiten izan genituen igandean Ulacia Grupoko mutilak. Baloi galdu eta berreskuratuen ataletan kenduta, gainerakoetan hobeto aritu ziren zarauztarrak. Portzentaje onak, errebotean pareko... Partida irabazteko jabetza ere izan zuten 6 segundoren faltan, baina luzapena behartu zuten Pielagosekoek.

Laurdenez laurden abantaila laburrak izan zituzten etxekoek. Tarte bat zabaltzen zuteneko segituan gerturatzen ziren kanpokoak. Baina lehen bi laurdenetan markagailuan aurretik izan ziren, atsedenaldira bost puntuko abantailarekin joan zirelarik Iñaki Jimenezenak.

Garaipenaren bidea argi ikusten zen jabetzak ongi baliatzean eta baloirik ez galtzean zegoela. Errebotean nahi baino baloi gehiago oparitu zituzten arren, Ulaciakoek ere kopuru polita hartu zuten erasokoan. Hala, azken laurdenera 8 puntuko abantailarekin iritsi zen etxeko taldea. Jokoan serio, Aldalur hiruko marratik asmatuz (zazpi guztira) eta Roberts uztaipean erreferente nabarmen izaten.

Baina, askotan esan izan dugun bezala, partidan 40 minutuetan serio egon beharra dago. Azken laurdeneko lehen bi minutuetan hiru baloi lapurtu zituzten Pielagosekoek eta markagailua berdindu zuten 8 minuturen faltan. Hala, laurden guztian joan etorriko jokoa izan zen. Minutu eta erdiren faltan, kanpoko taldea 5 puntuk goitik zen, baina, aurretik aipatutako Aldalur eta Robertsi esker, sei segundoren faltan irabazteko baloia eskutan izan zuten etxekoek. Defentsak asmatu eta 82nako berdinketarekin luzapena jokatu zen.

Luzapenean kanpoko taldea gehiago izan zen. Aldalurren emaria geratu zuten eta, abantaila laburra lortu bazuten ere, kanpokoak izan ziren garaile 95-98.

Hemen partidako estatistika.

Asteburu honetan Arrasaten jokatuko dute gure mutilek Ointxeren kontra. Berebiziko garrantzia izango duen norgehiagoka izango da Arrasatekoa. Ea joaneakoan bezala gurea den garaipena!

Argazkia: ADB Pas Pielagos

AURREKOA    HURRENGOA