Home ZAST

Porrot gogorra jasan zuen larunbatean Ulacia Grupok

La Flecharen aurkako norgehiagokan aurretik izan baziren ere, bizpahiru minutuan gertatukoak galtzeko bidera eraman zuen talde zarauztarra

<   >

Lesio eta bestelakoek taldea ahulduta zela joan ziren Ulacia Grupokoak Arroyo de la Encomiendara (Valladolid). Gonzalo Alvite, Unai Eizagirre eta Jon Aldalur min hartuta eta Jon Sanz lan kontuak medio ez ziren taldearekin izan. Horrez gainera, aste guztian ia entrenatu gabe gehitu ziren bidaiara Xabier Osa eta Julen Egaña. Eduin Caicedok ere estraineko norgehiagoka izan zuen larunbatean.

Gauzak horrela, partida ez zuten nahi bezala hasi eta segituan hartu zuten abantaila gaztelarrek, haiek ere garaipenaren garrantziaz bai bazekiten. Hamabost punturainoko abantailak izan zituzten etxekoek, nahiz eta atsedenaldia aurretik bederatzi punturaino gerturatu ziren markagailuan Ulacia Grupoko mutilak.

Aipatu beharra dago, kanpokoen artean, Alejandro Fisacek jaurtitako lau hirukoetatik lauak sartu zituela partidan eta Millan Lopezek ere portzentaje oso onak izan zituela. Bien artean sartu zituzten taldearen puntu erdiak.

Hirugarren laurdenari serio ekin zioten Iñaki Jimenezenek. Gutxika gutxika tartea jan eta bi puntuko abantaila izateraino iritsi ziren. Baina laurdena bukatu aurretik Marcellus Robertsek min hartu zuen eta akats ugari egiten hasi ziren berriz ere.

Gauzak horrela, laurdena amaitzeko 13 segundo falta zirela sei puntuz aurretik ziren berriz ere La Flechakoak. Hori gutxi ez eta azken jokaldian kirolez kontrako falta adierazi zieten zarauztarrei. Bi jaurtiketak sartu eta hegaletik baloia jokoan jarrita, segundo bakar bat baino geratzen ez zela, hiru jaurtiketa libre eman zizkioten beste falta baten ondorioz etxekoei. Laurdena bukatzerako 11 puntuko aldea zuten.

Ez zuten burua makurtu nahi Ulacia Grupokoek, baina laurdena hasi eta beren aldeko falta adierazi behar ziotela uste zuten jokaldi baten ostean, kontraerasoa gauzatu zuten 2+1eko batekin etxekoak. Horrek zarauztarrak asaldatu zituen eta falta teknikoa jaso zuten.

Bizpahiru minutu lehenago 2 puntuko abantaila zena, aurkako 15 puntukoa bihurtu zitzaien. Horri buelta ematea ia ezinezkoa izaten da eta partida apurtuta utzi zuten La Flechakoek. Bukaeran, 85-67, porrot mingarria Ulacia Gruporentzat.

HEMEN partidako estatistika.

Igande honetan, hilak 25, pisuzko beste norgehiagoka izango dute Aritzbatalden 18:30ean hasita. Ordizia Basoa Banaketak izango da bisitari. Garaipenak etxean geratu behar du oraingoan.

AURREKOA    HURRENGOA