La flecharen etxera, Arroyo de la Encomiendara, joango dira bihar Ulacia Grupoko mutilak. Talde gaztelarrak sekulako hasiera izan zuen eta gerora beherakada bat izan arren, etxean partida garrantzitsuak irabazi dituzte.
Zarauztarrek azken unera arte ez dakite zeintzuk jokalari izango dituzten bidaiatzeko moduan, izan ere, min hartutakoen zerrenda nahi baino luzeagoa da Iñaki Jimenezentzat. Baina bolada txarrari behingoz amaiera eman nahi diote Ulaciakoek, izan ere merezi izan dituzten hainbat garaipenek ihes egin diete.
Etxeko partidan 60-51 izan ziren garaile zarauztarrak, joan etorri asko izan zituen partida batean. Puntu gutxi pilatu ziren partida hartan, baina nahikoa izan ziren norgehiagoka irabazteko.
Hartara, bihar, 18:30ean izango den partidari begira izango gara. Garaipenak garrantzi berezia baitu denboraldiaren puntu honetan. Ea txanponak aurpegia erakusten duen oraingoan!
Infantilak lauko finalaren bila
Errendimenduko infantil neskek Bidebietan jokatuko dute peren partida Eaos 05 Lore Gourmet taldearen kontra, igandean, 10:00etan, eta Jokin Zulaikaren hitzetan partida garrantzitsua izango da.
Izan ere sailkapeneko 4.postua dago jokoan. Joaneko norgehiagokak zapore gazigozoa utzi zien zarauztarrei eta asteburu honetan aukera bikaina dute egoera honi buelta emateko. Saskibaloiak itzulipurdi asko ematen ditu, baina, hasiera batean, partidu honetan gailentzen den taldeak lauko finalerako txartela eramango duela dirudi.
Epe luzeko helburuak alde batera utziz, datorren igandetik aurrera pentsatu gabe, egunero lantzen dituzten kontzeptuak praktikan jartzean egongo da gakoa Zulaikaren hitzetan. Horiek ondo betetzen badituzte eta norgehiagokari ilusioz eta gogoz aurre egiten badiote, garaipenetik gertuago egongo direla ziurtatu du.