Home ZAST

Oraitz Garcia: "Arlo asko jorratzen ditut, baina bizitza aurrera ateratzen laguntzen dute horiek guztiek"

Saltsero galanta da entrenatzaile donostiarra. ZASTen etorri zenetik denok probatu ditugu bere gutiziak, bai kantxan zein kantxatik kanpora ere. Bera gehiago ezagutzen saiatu gara oraingoan.

<   >

Oraitz Garcia Recondo, konturatzerako urte batzuk bai ZASTen ezta?

Bai, konturatzerako pasa dira bost bat urte kasualidadez Zarautzen entrenatzeko aukera izan nuenetik, baina bost gogoangarri non asko ikasi dudan, urte hauetan guztietan bidelagun izan ditudan entrenatzaile, laguntzaile eta lagunengandik.

Aukeran, zer nahiago duzu. Gaztetxoen kategoriatan edota helduagoetan aritzea?

Bi gauza oso desberdin dira eta bietan nabil oso gustora. Lehen urtean izan ezik, bigarren denboralditik aurrera beti izan dut aukera gaztetxoen eta errendimenduko talde bat entrenatzekoa. Gaztetxoekin egiten den lana ezinbestekotzat jotzen dut, eurei saskibaloia irakatsi eta kirol honekiko grina eta pasioa piztea garrantzitsua da saskibaloiaren oinarriak barneratzearekin batera. Helduagoekin lan taktikoagoa egiteko aukera izaten da eta barruan dituzun ideiak arbelean eta zelaian jartzea eta jokalariek nola gauzatzen dituzten ikusteak asko betetzen nau.

Aurten erronka berria, berriz ere senior mutilen ligan, zer moduz doa taldea?

Aitortu beharra daukat ezusteko oso polita hartzen ari naizela taldearekin. Azken finean, oinarrian iaz bigarren mailatik igotako talde bera da, aldaketa batzuekin eta momentu honetan sailkapeneko hirugarren postuan ikustea zoragarria da. Mutilak badoaz ideiak barneratzen eta pixkanaka jokamoldea sendotzen ari da eta hori emaitzetan igartzen da. Senior mutilen lehen maila ez da ezezaguna niretzat eta banekin lan ona eginez gero taldeak ez zuela sufrituko eta aukera izango zuela goiko postuetan aritzeko, eta astean zeharreko lana islatzen da partiduetan.

Aurtengoan, helburua ahal dela igoerako lauko finalean egotea izango da noski.

Denboraldi hasieran ez genuen helburu finkorik ezarri, taldea ezagutu eta nola erantzungo zuen ikusi behar genuen aurretik. Jokalariek hasieratik izan dute lanerako jarrera ona eta horrek eraman gaitu momentu honetan lauko finalerako postuetan egotea. Hor egotea gustatuko litzaigukeela ez dugu ukatuko, oraindik bide luzea geratzen zaigu ibiltzeko eta ez dugu egindakoarekin geratu behar, ez dugu euforian erori behar, astez aste, entrenamenduz entrenamendu eta partiduz partidu joan behar dugu, umiltasunez eta gogor lan eginez. Jokalariek jarrera eta grin berdinarekin jarraituz gero jasoko dute lauko finalerako txartelaren saria.

Galdera, ordea, bestelakoa ere bada. Nondik ateratzen du denbora Oraitzek dabilen saltsa danetan ibilita, taldea hain goian mantentzeko?

Meritua ez da nirea, alde batetik, aurreko galderan aipatu bezala jokalariak lan bikaina egiten ari dira, askotan kosta zaigu entrenamendu taldea osatzea, baina egun batzuk salbu, saio onak burutzen ari dira, nik ere huts egiten dutenetan. Eta bestetik Niko Agirreren lana ere azpimarratu behar da, nire hutsunea primeran bete du eta izan ez naizenetan ere taldea bide onetik eramaten jakin du. Partiduetan bere laguntza eta babesa ezinbestekoa bihurtzen ari zait. Beraiek dira taldea hain goian egotearen arrazoia.

Kadeteekin ere txukun ari zarete. Sukaldean ez ezik, kantxan ere bikote polita osatzen duzue Juanma Rotetak eta biok.

Egia esan gustora gabiltza kadeteekin. Erronka polita genuen aurretik infantilekin osatutako taldea baita, baina jokalariek erantzun ona eman dute zelaian eta egia esan partidu batzuetako momentu bakan batzuetan izan ezik beti eman du aurpegia. Juanmaren esperientzia eta lasaitasuna ezinbestekoa dira taldea aurrera emateko eta ñabarduretan atentzioa jartzeko duen erraztasuna asko eskertzen dut. Aurrez ere aritua nintzen berarekin eta egia esan plazerra da horrelako laguntzaileak, orain arte Zarautzen laguntzaile izan ditudanak ahaztu gabe noski.

Kontaiguzu pixka bat zure arlo pertsonalagoa. Speaker lanetan ikusi zaitugu, Diario Vascon zure gastronomia txokoa duzu, Zaporeak proiektuarekin ere bai...

Aspertzeko betarik ez dut izaten egia esan. Entrenatzaile laneta aritzeaz gain, speaker lanetan aritzen naiz, gehien bat saskibaloi mundua Ulacia Gruporen eta Delteco GBCren partiduetan, horretaz gain Realarekin eta Donostiako Udalarekin ere ibiltzen naiz. Diario Vascon larunbatero argitaratzen dut jatetxe baten inguruko artikulua, Zaporeak Proiektuan murgilduta daramatzat bi urte eta Donostiako Orixe Ikastolan ere aritzen naiz panderoko irakasle lanetan, uda Lizarra Kanpineko harreran lanean pasatzearekin batera. Arlo asko jorratzen ditut, baina bizitza aurrera ateratzen laguntzen dute horiek guztiek eta denetan nabil gustora.

Zaporeak proiektuari buruz kontaiguzu zerbait gehiago.

Bi urte daramatzagu Grezian dauden errefuxiatuei jaten ematen. Krisi humanitario larria bizitzen ari da bertan, badirudi egoera konpondu dela eta ez da horrela, ezta gutxiagorik ere. Ezer ez duten pertsona eta familia asko daude oraindik ere Grezian euren etorkizuna argitu zain, erantzunik gabe. Guk gure aletxoa jartzen dugu eta otorduak prestatzen dizkiegu, behintzat, janariaren bitartez galduta duten duintasun hori berreskuratzen joan daitezen. Urtebetez egon ginen Greziako Chios uhartean lanean eta urte horretan 500.000 otordu baino gehiago prestatu eta banatu genituen. Egun, Atenaseko Victoria Social Centerren ari gara lanean eta egunero 600 pertsonei ematen diegu jaten.

Grezian ere izan zara, saskibaloi partidarik ikusteko aukerarik izan al duzu?

Bai, iragan astean izan nintzen eta aitortu beharra daukat berandu jakin nuela Panathinaikos-Zalgiris partidua jokatzen zela, lehenago jakin izan banu ikustera joango nintzen, arratsaldeak libre izaten baikenituen.

Sukaldean aritu zara bertan... Noizko datorren ZAST afaria? Zein da zure ustez gure mokofinentzat menu egokiena?

Afarirako data erraz jartzen da, partiduak begiratu eta denoi hobekien datorkigun egun bat zehaztea da, beti izaten da plazer bat entrenatzaileei afaria prestatzea. Menua zehaztea ez da gauza erraza izaten, gainera ezin aurrez nire kartak mahai gainean jarri, sekreturen bat gorde beharko...jejeje

AURREKOA    HURRENGOA