Zilarrezko LEB ligan egoteko moduko taldea du HA Zornotzak. Saskiratzeko egundoko erraztasuna duen taldea da eta ez du jokalari eskasik. Jokatu zuten jokalarietatik 5ek 10 puntu edo gehiago saskiratu zituzten eta defentsan beren presentziarekin nahikoa dute batzuk aurkaria geratzeko.
Fisikoki alde nabarmena duen taldea izanik, hasieratik zarauztarrek bazekiten partida gogorra izango zela. Etxekoek, gainera, kanpoko lerroan Unai Eizagirre, Julen Egaña eta Xabier Osaren hutsuneak zituzten. Hartara, Imanol Eceiza izan zen lehen taldeari laguntzen.
Dena dela, lehen minutuetan aurretik jartzeko gai ere izan ziren etxekoak. Baina, partida hasi eta gutxira, Estanis Andresi bi falta adierazi zizkioten eta horrek zarauztarren jokoa baldintzatu zuen nabarmen. Hori gutxi balitz, berriz ere jokatzen hasi eta segidan hirugarrena adierazi zioten. Antzeko egoeran ibili zen Jon Sanz ere.
Aitzol Eguskitzaren taulapeko puntuek eta Jon Aldalurrek hiruko marran asmatuta mantendu zen taldea partidan. Bigarren laurdeneko partziala bi puntuz galduta, aldagelara 32-41 joan ziren.
Baina hirugarren laurdenean sekulako erakustaldia eman zuten bizkaitarrek. Nabarmentzekoa Kabongo eta Mendicote jokalarien ekarpena. Bi jokalariek beren fisikoa baliatu zuten eta lasterka eginaz abantaila handitzen joan ziren. Hala, azken laurdenerako 24 puntuko aldea zuen kanpoko taldeak.
Azken laurdenean berriz ere burua altxa zuten etxekoek eta partziala 19nako berdinketa batekin bukatzea lortu zuten. Dena dela, alde handiarekin irabazi zuten kanpokoek, 65-89. Bataz beste ia 94 puntu sartzen dituen taldea zela jakinda, gutxienez kopuru horretara iritsi ez izanarekin konformatu behar.
Iñaki Jimenezen adierazpenak
Orain bi partida garrantzitsu izango dituzte, La Flecha kanpoan eta Ordizia etxean. Larunbatean egingo dute bidaia Valladolid aldera, ea bolada txarrari bukaera ematen dioten.