Home ZAST

Boom boom, ate joka!

Bigarren astez jarraian liderraren kontra irabazi du Gipuzkoako lehenengo mailako taldeak.

<   >

Partiduko 38. minutua, markagailuan 44-40 Alkideba Ointxeren alde, garaipena aldapa gora. Orduan agertu zen Koldo Aranburu, bere hiruko eta saski azpiko saskiratze batek partiduko hirugarren abantaila ematen zigun. Horren ondoren etorri ziren gure aldeko 6 jaurtiketa libre, 3 bakarrik saskiratuta, 44-48 4 puntuko aldea 39 segunduren faltan. Hiruko jaurtiketa batean falta egin eta 3 jaurtiketa libreak saskiratu zituzten arrasatearrek.
 
47-48 alde 9 segunduren faltan. 2 jaurtiketa libre alde izan, biak huts egin, baina Ander Garaiarrek errebotea palmeatu eta Paulek baloia hartuta falta jaso eta beste 2 jaurtiketa libre. Lehenengoa sartu, bigarrena huts egin eta denbora amaitu zen. Azkenean garaipena zarauztarrentzat 47-49.
 
Aurreko jardunaldian ikuskizunak jarraitu behar zuela esaten nuen, baina erronka oso zaila genuen aurretik. Ligako liderra bisitatu beharra geneukan, baina taldea konfiantzarekin eta gogoarekin zelairatu zen. Lehen minutuetako hartu emanaren ondoren Alkideba Ointxe taldea zonakako 2-3 defentsa batekin babestu zuen bere saskia eta horri heldu zion ia partidu osoan. Zastek arazoak izan zituen minutu askotan defentsa apurtzeko eta horregatik izan zen puntu gutxiko partidua.
 
Lehen laurdenetik argi erakutsi zuten arrasatearrek ez zutela garaipena erraz jarriko nahiz eta baja dexente eta garrantzitsuekin agertu partidura. Lehen laurdenean hirukoetan izandako portzentai altuak lehen abantailak eman zizkien eta horri eutsi zioten 8 puntuko aldea izateraino, baina bigarren eta hirugarren laurdenen artean lortutako 0-9ko partzial batek berriro aurretik jarri zituen zarauztarrak. Hortik aurrera Alkideba Ointxek berriro ere berreskuratu zuen aginte makila, baina aldea ez zen lau puntu baino handiagoa izan. 38. minutuan abantaila berriro alde izan aurretik.
 
Bigarren garaipena jarraian, bigarren garaipena ligako liderraren aurka, bigarren kolpea jarraian. Sailkapeneko hirugarren postuan egonkortuta, baina ez gara itsutuko, ez gara euforian geratuko, lanean jarraituko dugu, entrenamenduz entrenamendu, partiduz partidu, denboraldiari amaierarik onena emateko asmoarekin.

AURREKOA    HURRENGOA