Kaixo Libe! Urte erdia kasik ZASTen baina oraindik askorentzat aurpegi berria izango zara. Kontaiguzu nondik datorren Libe Villar.
Kaixo! Antiguotik datorren pertsona bat naiz, auzo giroan hezia, kirol munduan murgildua txikitatik; nahiz eta saskibaloia praktikatu dudan gehien, kirol desberdinak probatzea eta nire buruari erronka berriak jartzea gustatzen zait.
Aurretik zer zenekien zentozen klubaren inguruan?
Jokalari eta entrenatzaile moduan aurkari bezala izan dudan taldea izan da ZAST; beti eman dit atentzioa benjaminetatik seniorretaraino neska eta mutilentzat zerbitzu ireki eta integratzailea ematen dela, genero edo saskibaloi mailagatik diskriminaziorik egin gabe, egungo errealitatera modu paregabean moldatuz.
ZASTen familian errez egokitu al zara?
Baietz esango nuke. Dan Lertxundi izan dut beti ondoan erritmo bizian irakatsiz, zeuden beharretaz berri emanaz eta ahalik eta azkarren moldatzera lagunduz. Horretaz gain, bertako beste pertsona askoren lanerako prestutasunak asko motibatzen nau, behin egokituz nire onena emateko.
Eskolaren ardura zure gain hartu duzu. Zer moduz ikusten duzu gure saskibaloiaren osasuna, adibidez, Donostian ikusten denarekin alderatuta?
Gure helburua Urola Kostako eskualdean saskibaloia ahalik eta haur kopuru gehienena iristaraztea da, kirol honetaz jakinmina eta gustua duen haurrei gauzak erraz jartzea antolatzen ditugun ekintzen bitartez disfrutatu dezaten. Hori argi izanda, gugana datozen haurrek saskibaloian jolasten gozatzen dutela esango nuke, bai entrenamenduetan, igandeko txapelketetan, kanpus edo 3x3etan. Haurrekin lanean dauden entrenatzaile eta guraso-laguntzaileek beren motibazio eta erakusteko gogoa trasmititzen diete haurrei, eta hau eskolak duen altxor baliotsuena dela uste dut.
Donostian beste modu batera funtzionatzen da, saskibaloian jolasteko elkarte asko daude konpetentzian, haurrak eta euren gurasoak hara eta hona mareatuz. Bertan ume kopurua handiagoa da, eta horregatik maila desberdinagoko taldeak daude; beste eskualdeetako funtzionamenduaz erne egon behar gara, gure haurrei ondo etortzen zaizkien metodoak ikasteko, baina nondik gatozen eta nora goazen ahaztu gabe.
Zenbat ume ditugu gaur ZAST Eskolan?
Gaurko egunean 100 ume inguruk entrentazen dute gurekin astean zehar, baina urtarrilako izen ematean haur berriak etorriko dira. Hauetatik 45 inguru 2006koak dira, 35 inguru 2007koak, eta besteak txikienak, 2008-2009koak. Polita iruditzen zait, adin desberdineko haurrek batzuetan elkarrekin entrenatzen dutela; txikienek azkarrago ikasten dute, eta era berean handiei gaztetxoek heurek ez gainditzeko borrokarako gogoa pizten zaie.
Haur eta gurasoen erosotasuna kontutan hartzeko zerbait da entrenamendu eta partiduak antolatzeko momentuan; horregatik, gehienak Zarautzen dira, haur gehienak herrikoak edo ingurukoak direlako. Arrazoi berdinarengatik 13 jokalari inguruk Orion entrenatzen dute, eta badakit oso gustura dabiltzala Oihana Aramendirekin.
Eta zuk, jokalari bezala Zarautzen inoiz jokatu al duzu? Baietz bada, zer sentitzen zen hona etortzean?
Askotan jokatu dut, bai, 12 urtetatik esango nuke, La Salleko Frontoian eta kiroldegian, Orion, Antonianotan... Beti gentozen borrokatzeko ideiarekin, hemen ez zigutela ezer oparituko baigenekien, espiritu lehiakorreko jokalariak zeunden parean; asko gustatzen zitzaigun Zarautzera etortzea, partidu borrokatu eta berdinduak baitziren, balore handia ematen genion hemen irabazteari. Era berean kiroltasun handia zegoen jokalari eta ikusleen artean, eta gure arteko errespetu hori asko baloratzen dut beste zelai batzutako esperientziekin konparatuz
Gaur LF2n ari zara. Zer moduzko esperientzia ari da izaten?
Esperientzia paregabea, bizi beharrekoa aukera izanez gero. Jokalari eta pertsona bezala hazten nagoela sentitzen dut. Beti lehenetsi dut talde giroa eta familia sentipena lehiakortasunaren gainetik, azken hau genetikoki baitaramat, baina aurten aukera hau eman zidaten, eta honelakoak zalantzarik gabe aprobetxatu behar direla uste dut; momentuan hartutako erabakiarekin oso pozik nago, ilusio handia egiten dit hainbeste urteetan lagun artean jokatu eta gero, jokalari profesionalekin jokatzeak, hauen errealitatea gertutik bizitzeak.
Bukatzeko, zein da zure buruari ZASTen barruan jartzen diozun erronka?
Niri pertsona eta jokalari bezala saskibaloiak eman didan guztia haurrengana helarazteko bideak irekitzea da dudan helburu nagusia. Entrenamendua eta gero hurrengo astea izateko gogoa izan dezatela jokalariek, berriro entrenamendura joateko.
Haur bakoitzaren beharrei begiratuz, ZASTen barnean denek beren lekua aurkitzea gustatuko litzaidake; horretarako, gure ekintzen kalitate eta frenkuentzia ahalik eta onena izaten saiatuko naiz, familia handitzen eta gure osasuna hobetzen joan dadin.