Home ZAST

Epaileen erabakiek baldintzatuta, ezin izan zuen irabazi Ulacia Grupok

Azkeneraino irabazteko aukerak izan zituzten partida irabazteko, baina sarrera batean huts egin eta esku hutsik itzuli ziren zarauztarrak.

<   >

Garaipenaren bidera itzuli nahi zuten Gaztela aldean Iñaki Jimenezen mutilek. Baina partida epaileen lanak baldintzatua izan zen une guztietan, Ulaciakoen akatsak ahaztu gabe. Jaurtiketa libreetan portzentaje txarrak, defentsako errebotean bigarren aukera asko eman izanak eta 24 baloi galtzeak ere izan zuen eraginik.

Partida parekatua izan zen une guztietan. Lehen bi partzialak 18-16 eta 20-18koak izan ziren. Baina hasieratik epaileek gogor zigortu zuten talde zarauztarra. 20 inguru falta egiten dituen taldeari 32 adierazi zizkieten eta, ondorioz, Universidad de Valladolidek 33 jaurtiketa libre izan zituen. Gainera, 14. minuturako 3 teknika jaso eta kirolez kontrako falta bat adierazi zieten zarauztarrei.

Dena dela, atsedenalditik bueltan 15-22ko partziala egin eta azken laurdenera 3 puntuz goitik sartu zen Ulacia Grupo. Aipatu beharra dago 9 jokalarirekin joan zirela eta 4 kaleratuak izan zirela 5 faltarekin. Batez ere uztaiaren inguruan aritzen diren jokalariak zigortu zituzten. Marcellus Robertsek eta Gonzalo Alvitek 15 minutu inguru iraun zuten kantxan eta Xabier Osak eta Alex Sayalerok 20 minutu. Horrez gainera, Aitzol Eguskitzak ere 4 faltarekin bukatu zuen. Eta horrela garaipena lortzea ia ezinezkoa egin zitzaien.

Bi aldeei kalte egin zien epaileen lanak, orokorrean nahikoa eskas aritu zirelako, baina Ulacia Grupokoei bereziki min egin zien haien jardunak. Haien jaurtitzalearen gainean, esaterako, defentsa oso ona egin zuten Ulaciakoek, jaurtiketa garbi bakarra emanaz, baina gainerakoan aipatutako faktoreek azken emaitza ekarri zuten ondorio bezala.

Gauzak horrela, partida irabazteko jaurtiketa ere izan zuten eskura 2 segundoren faltan. Baina ez zuten asmatu eta errebotean kirolez kontrako falta adierazi zieten. Ondorioz, 73-68 Universidad de Valladolid garaile.

HEMEN PARTIDAKO ESTATISTIKA

Igande honetan partida bakarra galduta dagoen Zornotza izango da bisitari Aritzbatalden. Partida zaila izango da, baina joanekoan aurpegia eman zuten Ulacia Grupokoek eta ziur oraingoan ere partida eskuratzeko bidea egingo dutela. Ohiko ordutegian, 18:30ean, izango da norgehiagoka. Ea harmailak betetzen diren talde indartsuari zaletuen bultzadarekin aurre egiteko.

AURREKOA    HURRENGOA