Home ZAST

Asteburuko atarikoa: otsailak 3 eta 4

Valladoliden izango du hitzordua Ulacia Grupok. Denboraldiko lehen garaipena eskuratu zutenen kontra gauzatu nahi dute balentria beste behin.

<   >

Universidad de Valladolid izango du aurkari Ulacia Grupok EBA ligako 19. jardunaldian. Ondo jokatzen duen taldea da gaztelarra, erritmo altua duena eta jabetza asko jokatzeko gai dena.

Nabarmentzekoa da jokalari on asko dituztela eta puntuak pilatzeko gai direnak gainera. Horrek defendatzeko zailtasunak sortzen dizkie beren aurkariei.

Nabarmentzekotan, hiru jokalari daude. Javier Martinez eskoltak 13 puntuko ekarpena egiten du partidako, nahiz eta jabetza asko diren berak: 14 jaurtiketa egiten ditu norgehiagoka bakoitzean, horietatik 8 hiruko marra baino urrunago.

Pedro Gonzalez hegal pibota ere denboraldi txukuna ari da egiten eta kanpotik asko asmatzen du, noregehiagoka bakoitzean 3-4 hiruko eginda. Bukatzeko, Alvaro Encinas pibotak ere EBA ligan ikusten diren gehienekin alderatuz gero, irekita eta azkar jokatzen du.

Bolada onean dira Universidad de Valladolidekoak, azken 6 partidetatik 5 irabazi dituzte eta guztira 9-9ko balantzea dute. Lehen garaipena haien kontra eskuratu zuten zarauztarrek eta berriz ere haien kontra irabazteko gogo biziz joango dira Iñaki Jimenezenak, ordu xelebrean jokatuko duten arren: igandean, otsailak 4, 13:00etan.

Harrobiko taldeak

Errendimenduko infantil neskek Bera Beraren kontra jokatuko dute. Bigarren itzuliari hasiera emanda dira eta denboraldi hasieran ezarritako helburuak betetzeko bidean jarraitzen dute Jokin Zulaikaren neskek. Jakitun dira helburu nagusia lortu ahal izateko lehenik helburu txikiak betetzen joan behar dutela. Beraz, horretara irtengo dira kantxara, astebururo egiten dugun moduan, ilusioz eta gogoz beterik aste osoan landutakoa praktikan jarri eta horren bitartez garaipena erdiestera.

Mikel Larrañaga, Julen Egaña eta Alex Iruretagoienaren taldeek donostiarrak izango dituzte aurrez-aurre. ZAST 2005 taldeak Summa Aldapetaren kontra jokatuko du. Aurreko astean lortutako garaipenarekin ZAST 2005eko mutilek lehen multzorako sailkatzea lortu zuten azken jardunaldiaren faltan. Beraz, azken jardunaldi honek ez duenez garrantzi askorik, gauza berriak probatzeko balio behar die.

Zarautz 2005eko mutilek, berriz, Antigua Luberriren kontra ZASTeko mutilek bezala gauza berriak probatzeko erabiliko dute. Izan ere, lehengo asteko porrotaren ostean lehen multzoan sartzeko aukera guztiak galdu dituzte.

Bukatzeko, ZAST Orio 2005 Txiki taldeak LEK Ointxe Txiki hartuko du Karelan. Lauko finalean izan nahi dute oriotarrek eta ezinbestekoa izango dute aurkari zuzenaren kontra garaipena eskuratzea.

Zorterik onena guztiei!

AURREKOA    HURRENGOA