Home ZAST

Beste garaipen bat eta aste garrantzitsua gure neskentzat!

Senior emakumeen lehenengo mailako laugarren jardunaldiari zegokion atzeratutako partidua jokatu zuten pasa den igandean CD Internacional-en aurka Aritzbatalde kiroldegian gure neskek. Bigarren zati on bati esker, 32 puntuko diferentziarekin irabaztea lortu zuten, 74-42.

<   >

 

Covid-aren ondorioz atzeratutako partiden zoriak hala nahita, bi asteburuz jarraian arerio berdinaren aurka jokatzea egokitu zitzaien Graficas Juaristi-ko neskei. Aurreko astean 20 puntuko diferentziarekin irabazi baldin bazuten ere, ez zuten sentsazio onekin bukatu partida, eta horri buelta emateko gogoz ekin zioten norgehiagokari. Gainera, denbora luzez min hartuak egon ziren bi jokalariren itzulera ere suposatzen zuen partiduak, Sara eta Naroarena hain zuzen ere, bata urria eta bestea azarotik partidarik jokatu gabe baitzeuden.

 

Partida indartsu hasi zuten Zarauztarrek, atzean sendo eta erasoan ideia garbiekin, partidaren lehen zazpi puntuak Aneren eskutik iritsi zirelarik, itxura polita hartzen hasi zen igande arratsaldea. Partzialaren ostean, kanpotarrek aurrerapauso bat emateko saiakera egin zuten, baina Aizpeak 4 puntu jarraian sartu zituen laurdena amaitzeko, azken biak azken segundoan, bigarrenera 18-6 iristeko.

 

Bigarren laurdenean, ordea, lehenengo laurdeneko apar guztia jaitsi zen eta asmatu ezinik ibili ziren laurden osoan zehar. Erasoan baloi galtze ugari, kanpoko jaurtiketetan asmatu ezinik eta defentsan konzentrazioa mantentzeko arazoekin. Intxaurrondoko neskek garbi utzi zuten ez zirela arratsalde pasa etorri eta atsedenaldira 26-19 iritsi ziren.

 

Hirugarren laurdenean, mahai gainean kolpe bat emateko asmoz kantxaratu ziren bi taldeak, eta hainbat saskiratze trukeren ostean, bazirudien Zarauztarrak abantaila ateratzen hasi zirela markagailuan. Altura diferentzia aprobetxatzen saiatu ziren, zona barrutik mina egiteko, Nora Danis eta Leire Anauten artean 10 puntu sartu zituztelarik laurdenean. Azken bultzada bati esker, 10-2ko partzial bat iritsi zen, azken zatira 48-31ko markagailuarekin iristeko.

 

Etxeko taldea geroz eta erosoago sentitzen ari zen, eta kanpotarrek azken saiakera bat egin zuten markagailuan hurreratzeko, zonakako defentsa bat planteatuz. Zarauztarrak, ordea, prest zeuden eta baloia ongi mugitzea lortu zuten, 5 hiruko sartu zituztelarik azken laurden honetan, CD Internacional-en defentsa hausteko. Aipatzekoa Leire Fernandez-ek egindako lana zentzu honetan, 3 hiruko eta guztira 12 puntu sartu zituelarik. Azkenean 74-42 amaitu zen partidua, bederatzigarren garaipena poltsikoratu eta sailkapeneko bigarren postuan jarraitzeko.

 

Datorren astean bi partidu jokatu beharko dituzte Graficas Juaristi-ko neskek, lehenengoa, larunbatean 20:30tan Aritzbatalde Berrian Easo-ren aurka, lidertzan dagoen taldea hain justu. Bigarrena, berriz, sailkapenean hirugarren postuan dagoen Goierri-ren aurka jokatuko dute igandean 16:00tan Aritzbatalde Zaharrean.

 

Asteburu garrantzitsua gure neskentzat, zatozte animatzera!

AURREKOA    HURRENGOA