Partida hasieran etxeko taldea irabazten hasi arren (8-2), Aitzol Eguskitzaren eta Imanol Artetxeren puntuek taldeari markagailuko aldea murrizteko aukera eman zion. Hurrengo jokaldian, Estanis Andresen hiruko batekin, eta Maximiliano Soleri zigortutako falta teknikoarekin, Antonio Guerrerok markagailua irauli zuen. Minutu batean beste bi hiruko saskiratuta, 8-16 aurretik ipini zen talde zarauztarra, eta aldeak handitzen joan ziren gasteiztarrek erasoan saskiratzerik lortzen ez zuten bitartean (8-21). Radojicicek apurtu zuen gasteiztarren bolada txarra, eta Rafa Silvak jaurtiketa libreko marratik sartu zuen lehen laurdena amaitzeko azken saskiratzea (10-22).
Bigarren laurdenean, gasteiztarrak apurka-apurka aldeak murrizten hasi bazen ere (19-24), kanpoko jaurtiketei esker Ulacia Zarautzek berriz ere markagailuko aldea handitzea lortu zuen, gasteiztarrei hutsartea eskatzera behartuz (21-33). Azken bi minutuetan, Guerrerok jaurtiketa libre bakarra saskiratu ahal izan zuen, eta aurkariek baliatu zuten atsedenaldira 28-34ko emaitzarekin heltzeko.
Bigarren zatiaren hasieran, etxekoek bolada onarekin jarraitzeko parada izan zuten, eta zarauztarrak ia hiru minutuz punturik lortu gabe izan ziren. Horri esker, gasteiztarrak aurretik ipini ziren markagailuan (35-34). Bigarren laurden amaieran eta hirugarren laurden hasieran gasteiztarrek 14-0eko partziala lortu zuten. Markagailuan atzetik ipini arren, zarauztarrak ez ziren kikildu, eta Estanisen hiruko batekin berriz ere aurretik ipini zen Jokin Collantesen taldea. Estanisek berriro, eta Guerrerok ondoren, aldeak handitzeko aukera ez zuten galdu, eta berriz ere 8 puntuko abantaila berreskuratu zuen Ulacia Zarautzek. Portalezen hiruko batekin bi puntutara murriztu zituzten aldeak minutu baten faltan, baina Rafa Silvak lortutako azken saskiratzeari esker, hirugarren laurdena 43-47ko emaitzarekin amaitu zen.
Azken laurdena tentsio handiarekin hasi zen, eta bi taldeak ia bi minutu izan ziren saskiratzerik lortu gabe. Pirelak lortu zuen lehen saskiratzea markagailuko diferentzia bi puntutara murriztuz. Mbengue lehenik, eta Silvak ondoren hiruko marratik, berriz ere zazpi puntuko abantaila eman zion Ulaciari. Halere, etxekoek ez zuten amore eman, eta minutu batean murriztu zituzten zazpi puntuak, eta Querejetaren saskiratze batekin 53-52 aurreratu ziren bost minuturen faltan. Collantesen hutsarteak taldea berpiztu zuen, eta Estanisen eta Imanol Artetxeren saskiratzeekin berriz ere markagailuan aurretik ipini ziren.
Azken bi minutuetara Guerreroren saskiratze bati esker, zarauztarrak aurretik zirela heldu ziren (56-58). Bi minutuetan, Estanisek 7 puntu lortu zituen, eta Guerrerok 4 jaurtiketa libreko marratik. 11 puntu horiek erabakiorrak izan ziren denboraldiko seigarren garaipena lortzeko, laugarrena Aritzbataldetik kanpo. Igande honetan (18:30h.), Ulacia Zarautzek beste aukera bat izango du etxeko bolada txarrarekin amaitzeko, Easo Bodegas Mugaren aurka. Gaurkoz, donostiarren aurka jokatutako partida, denboraldiko partidarik txarrenetarikoa izan zen, eta beraz, igandean lehen itzuliko arantza kentzeko aukera izango dute zarauztarrek.
Xabier Larrañaga