Home ZAST

GRAFICAS JUARISTI | Senior Ema. 1.Maila | Porrota bakarra ezagutzen dute gure neskek

Denboraldi arraroa gure senior nesken lehenengo taldea bizitzen ari dena, atsedenaldi askoko liga, Covid-aren ondorioz atzeratutako partiduak, lesioak... Gabonetara 4 partidu bakarrik jokatuta iritsi ziren, 3-1eko balantzearekin, baina tunelek ez dute betiko irauten.

<   >

 

Gabonen itzulerak, bazirudien argi izpi batzuk ekarriko zituela, atzeratutako partiduak jokatuaz, atsedenaldi gutxiago izango baitzituzten, erritmoa mantentzeko aukera gehiago edukiaz. Eta horrela izan zela esan dezakegu, lau partida jarraian irabazita iritsi baitziren Intxaurrondora pasa den larunbatean CD Internacional-en aurkako partidua jokatzera.

 

Partidua oso ondo hasi zen Zarauztarrentzat, erasoan batez ere, Enarak bi hiruko jarraian sartu zituen eta markagailuan distantzia ateratzen joan zen pixkanaka kanpoko taldea. Nora Danis-ek bost puntu ia jarraian sartu zituen laurdena amaitzeko eta 11-21eko markagailuarekin iritsi ziren lehen laurdenaren amaierara.

 

Hamar puntuko abantaila izan arren, sentsazioak ez ziren guztiz onak, euren jokoa aurkitzeko arazoak zituzten eta hori bigarren laurdenaren hasieran islatu zen. Gainera, defentsan ere erlaxatzen hasi ziren eta Intxaurrondokoak hurbiltzen hasi ziren markagailuan. Azkenean, Lide eta Nora Bereziartua juniorrak kantxaratu behar izan zuten babak eltzetik ateratzeko, bien artean 9 puntu sartuaz, atsedenaldira 25-36 iristeko.

 

Hirugarren laurdenean bi taldeetako defentsak nagusitu ziren eta bi taldeak ezinean aritu ziren erasoan, bakoitzaren jokoa bilatu ezinik eta kanpoko jaurtiketetan asmatu ezinda. Baloi galtzeak ere ugaritu egin ziren laurden honetan eta azken laurdenera 36-46 markagailuarekin iritsi ziren, oraindik ere ezer erabaki gabe zegoelarik.

 

Azken laurdenean, berriz ere partidura itzultzea lortu zuten Zarauztarrek, erasoan erabaki onak hartuz eta baloia gehiago mugituz. Laurden osoan sartutako 20 puntuen erdiak Leire Anaut eta Joaneren artean sartu zituzten, nabarmentzekoa delarik azken honek egin zuen partidua, guztira 15 puntu sartuz eta defentsan eta errebotean sendotasuna erakutsiz. Partidua azkenean 46-66 amaitu zen, garaipena poltsikoratuz, sailkapeneko bigarren postuan jarraitzeko 8-1eko balantzearekin.

 

Igande honetan, 15:00tan Aritzbatalden, CD Internacional-en aurka jokatuko du berriz ere gure senior nesken lehenengo taldeak, izan ere, Covid-aren eraginez joaneko partidua jokatzeke geratu zen, eta inauterien geldialdia aprobetxatzen saiatuko dira bolada onari jarraipena emateko.

 

Zatozte animatzera!

AURREKOA    HURRENGOA