Home ZAST

ASTEBURU BIKAINA | Senior Ema. 1.Maila

Goiko postutan dabiltzan bi aurkari zuzenen aurka irabazi ostean lehenengo posturaino igo dira lehen mailako senior neskak. Larunbatean Easori 62-51 eta igandean Goierriri 72-52 garaitzea lortuta, bolada onean jarraitzen dute.

<   >

Emakumeen nazioarteko egunaren bezperako egunetan, bi partida jarraian jokatzea tokatu zitzaien Graficas Juaristi-ko jokalariei, eta horrela, euren indarra eta balioa erakusteko asmoz ekin zion asteburuari Zarauzko emakumeen lehenengo taldeak.

 

Larunbatean, Easo etorri zen Aritzbataldera, Zarauztarrek galdu duten partida bakarraren erantzuleak eta momentuko liderrak. Garbi zegoen partidu gogorra izango zela, baina joaneko partiduko porrotak, eta irabazten bazuten lider jartzen zirela jakiteak indar gehigarri bat eman zien etxeko taldeari. Lehenengo minutuetan gorabeherak izan arren, lehen laurden ikusgarri bat egin zuten Zarauztarrek, 25 puntu sartuta, Naroaren eta Leire Anauten artean horietako 15 sartu zituztelarik. Bigarren laurdenean, ordea, taldeak ez zuen asmatu, aurkarien txandakako defentsak sortutako baloi galtzeak medio, bost puntu bakarrik sartu zituzten eta atsedenaldira 30-28ko markagailuarekin iritsi ziren.

 

Bigarren zatian ordea, taldeak aurrerapauso bat eman zuen eta pixkanaka abantaila txikiak lortzen joan zen markagailuan, defentsa sendoak eginez eta erasoak baloia ondo mugituz, horren adibide izan zirelarik Enarak ia jarraian sartu zituen hiru hirukoak. Hirugarren laurdena 49-36 amaitu zen eta azken laurdenak ere bide beretik jarraitu behar zuela ematen zuen. Partidua amaitzeko minutu gutxiren faltan, Easoren susperraldi baten ondorioz, markagailua pixka bat estutu zen, baina partidua kontrolpean izan zuten uneoro Zarauztarrek eta azkenean, 62-51 amaitu zen partidua. Aipatzekoa benetan, Joanek partidu guztian zehar egin zuen lana, uztai azpia menderatzeko gai izan zen kantxako bi aldeetan eta 24 puntu eta 17 erreboterekin amaitu zuen norgehiagoka.

 

 

Igandea iritsi zen eta ez zegoen ospatzeko denborarik, Goierriren aurkako partidua jokatzea tokatzen baitzen, eta kasu honetan, eskuratu berri zuten lehengo postua mantentzea zegon jokoan. Aurreko eguneko garaipen eta nekeak ahaztu eta berriz ere lanean jartzeko unea zen. Partidua joan-etorriz betea hasi zen, talde batek bestearen kolpea erantzuten zuen eta inor ez zen markagailuan alde haundirik ateratzeko kapaz izaten ari. Bigarren laurdenak ildo beretik jarraitzen zuen, bi taldeen artean 9 hiruko sartu zituztelarik lehen zati osoan zehar eta Zarauztarren azken bultzada bati esker, atsedenaldira 8 puntuko abantailarekin iritsi ziren, 36-28.

 

Hirugarren laurdenean, Goierri defentsa desberdinak planteatzen hasi zen, baina ez zen arazo bat izan gure neskentzat eta pixkanaka abantaila handitzen zihoala ematen zuen. Laurdenaren amaieran ordea, Goierrik berriz ere partiduan sartzea lortu zuen, partzial bati esker, 8 puntuko aldeak jarraitzen zuelarik markagailuan azken laurdena hasi aurretik. Graficas Juaristi-k ez zuen ezustekorik nahi, eta azken laurdenean martxa bat gehiago sartu zuen, 10 minutuetan zehar jaun eta jabe izan eta, azkenean, abantaila politarekin amaitzeko partidua. Azken emaitza 72-52 izan zen, Leire eta Nora Danis-en lanari esker batez ere, 20 eta 23 puntu sartu zituztelarik.

 

Aste honetan, Lasartera joatea tokatzen zaie gure neskei, Ostadar-en aurkako partidua izango baitute larunbatean 16:00tan. Gorabeheratsu hasi baldin baziren ere, bolada onean dabil Lasarteko taldea eta gogor borrokatu beharko dute partidua aurrera ateratzeko.

 

Jarraitu lanean, aupa neskak!

AURREKOA    HURRENGOA