Home ZAST

HIRUGARREN PARTIDUA JARRAIAN GALDU DU ZAST-ULACIAK, 20-21 DENBORALDIAN LEHEN ALDIZ

EBA saskibaloi ligako AA multzoan jokatzen duen Zast-Ulacia talde zarauztarrak 63-50 markagailuaz galdu du 20. jardunaldian, Donostiako Easo Bodegas Muga taldearen aurka.

<   >

Denboraldi hasiera benetan bikaina egin ondoren, badirudi Zast-Ulacia taldea ez dela iritsi sasoi betean denboraldi amaierara, hirugarren partidua jarraian galdu baitu denboraldian lehen aldiz.

Ligako 20. Jardunaldian Donostiako Easo Bodegas Muga izan du aurkari, garai batean ligako talde indartsuenetakoa izana, baina denboraldi honetan taularen erdialdean kokatua. Donostiako Josean Gaska kiroldegian jokatutako partidua itzuliko partidua izan da zarauztarrentzat eta, neurri batean, joanekoan gertatutakoa errepikatu da, zarauztarrek lan handiak izan baitituzte donostiarren defentsari aurre egiteko. Berrogei minutuan berrogeita hamar puntu baino ez dituzte sartu, eta hori bada, inondik ere, datu esanguratsua.

Zarauztarrek laurden bakarra irabazi dute, laugarrena, baina amaierako emaitza zertxobait leuntzeko baino ez du balio izan amaierako erreakzio horrek, donostiarrek ez baitute garaipena inoiz ere arriskuan izan.

Partiduaren ondorenak uzten duen beste datu esanguratsu bat izan da zenbat jokalarik sartu duten punturen bat talde batean zein bestean. Donostiarren aldetik hamar jolarik sartu dute punturen bat, eta zarauztarren artean, lau jokalarik soilik saskiratu duten punturen bat aurkariaren saskian. Datu horrek argi uzten du zarauztarrek zailtasun handiak izan dituztela erasoan soluzioak aurkitzeko.

Donostian galdu ondoren, zarauztarrak hirugarren dira sailkapenean, liga amaitzeko bi partiduren faltan. Hurrengo partidua apirilaren 24an jokatuko dute, Durangon, sailkapenean azkenaurreko den Tabirakoren aurka, eta denboraldian maiatzaren 1ean amaituko dute, Zarauzko Aritzbatalden, Baskoniaren aurka.

Zarauztarrei geratzen zaizken bi partidu horiek irabaziz gero, hirugarren postu horri eusteko moduan izan daiteke. Helburu hori lortzen baldin badu, benetan sasoi borobila osatuko du pandemiak erabat baldintzatutako denboraldi honetan.

AURREKOA    HURRENGOA