Home ZAST

Bosgarren garaipena Ulacia Zarautzentzat

Bost partida jarraian galdu ondoren, Jokin Collantesen taldeak bolada txarrari amaiera eman dio (60-67).

<   >

Ez zuen irteera erraza Ulacia Zarautzek asteburuan. Kantabrian jokatu zuten igande arratsaldean sailkapeneko goiko postuei begira dagoen Solaresen aurka jokatzeko. Halere, taldea sendo izan zen hasieratik, eta uneoro partidan bizirik mantentzea lortu zuen. 

 

Partida hasiera ona izan zen, eta lehen unean, Eneko Juarrosen saskiratze bati esker markagailuan aurrea hartzea lortu zuten. Lehen minutu onei esker, markagailuan bost puntuko abantaila erdietsi zuten. Laurden erdikaldean nahiz eta bost minutuz saskiratzerik lortu gabe izan, defentsako lan onari esker etxekoek ere ezin izan zuten markagailuan ihes egin (15-12), eta azken minutuan Unai Eizagirreren saskiratze batekin, eta Juarrosen hiruko batekin laurdena 16-17 amaitzea lortu zuten.

 

Bigarren laurdena Estanis Andresen saskiratzearekin hasi zen, eta gero bi taldeek zailtasunak izan zituzten saskiari begira. Horrela, oso partida berdintsua joan zen, eta inork ez zuen lortu aldea hiru puntuz gainditzea, atsedenaldira 30-29ko emaitzarekin helduz. 

 

Antonio Guerreroren hiruko batekin hasi zen bigarren zatia, eta berriz ere zarauztarrek markagailuan aurrea hartu zuten. Aitzol Eguskitzaren saskiratzearekin, lau puntuko errenta lortu zuten Collantesen taldeak. Errenta hori apurka apurka murrizten joan ziren kantabriarrak, eta 47-48ko emaitzarekin amaitu zen hirugarren laurdena. 

 

Azken laurden erabakiorra Shermanen eta Bolivarren saskiratzeekin hasi zen, eta zarauztarrak atzetik jarri ziren markagailuan. Collantesek partida eten zuen hutsarte batekin, eta taldea berpiztu zuen Estanisen bi saskiratzeei esker berriz aurretik ipiniz. Jarraian heldu ziren Juarrosen eta Guerreroren hirukoak bi minutu eta erdiren faltan bost puntuko abantaila emateko taldeari. Azken minutuetan etxekoek ez zuten asmatu saskira begira, eta Unairen asistentziarekin Juarrosek amaitu zuen partida 60-67ko emaitza ezarriz. 

 

Garaipen garrantzitsua zarauztarrentzat etxetik kanpo lortutakoa. Hein batean, galdutako baloi kopurua jaistea lortu zuen Ulacia Zarautzek, eta aurkarien akatsak zigortzea lortu zuten. Gainera, aulkitik irten ziren jokalariek ere ongi aritu ziren eta horrek ahalbideratu zuen markagailuan aurretik izatea une askotan. Asteburu honetan sailkapeneko seigarren postuan dagoen Cantbasket04-ren bisita jasoko du igandean Aritzbatalde Kiroldegian (18:30h.).

 

Xabier Larrañaga

AURREKOA    HURRENGOA