Home ZAST

Junior neskak geldiezinak Euskal Ligan

Denboraldi bikaina gure euskal ligako junior neskak egiten ari direna. Gipuzkoako errendimenduko ligan hasi zuten denboraldia eta bertako partidu guztiak irabazi ostean, euskal ligarako txartela lortu zuten urtarrilean, lauko final ikusgarri bat eginez.

<   >

Hiru lurraldeetako onenen arteko beste lauko final bat irabazi ostean euskal ligako seigarren sailkatuaren etxean jokatu behar izan zuten A-1 edo A-2an jokatuko zuten erabakitzeko. Durangoko Tabirako taldeak maila bat gorago zegoela erakutsi zuen, Zarauztarrak A-2 multzora bidaliz.

 

Fase honetan, bederatzi talde daude, eta horietatik lehenengo biek bakarrik lortuko dute datorren urtean euskal ligan hastea. Ez da helburu erraza, baina lehen bi postu horiek borrokatzeko asmoarekin ekin zioten euskal ligari gure juniorrak. Lehen hiru partiduak irabazi ostean, Easoren bisita jaso zuten pasa den igandean, hain justu ere partidarik galdu gabe zegoen beste taldea, eta garbi zegoen ez zela erraza izango baina beldurra ez da talde honen hiztegian dagoen hitzetako bat.

 

 

Partidua gorabeheratsu hasi zen bi taldeentzat, defentsan sendo, baina erasoan erabaki onak hartzeko arazo askorekin, partidaren garrantziaz jakitun baitziren bi taldeak. Hala ere, bazirudien Zarauztarrak sendotasun puntu bat gehiagorekin zeudela eta abantaila txikiak hartzen joan zen markagailuan, Iratiren defentsa eta lapurretek sortu zituzten aukera desberdinei esker batez ere. Horrela, 12-6ko markagailuarekin amaitu zen lehen laurdena.

 

Bigarren laurdenak ildo beretik jarraitu zuen, defentsa oso gogorrak, eta saskiratzeko arazo dezenterekin bi taldeak. Azpimarratzeko modukoa da Lidek egin zuen partidua, saskiratzeak, defentsa, presioa pasatzeko lana, asistentziak… taldea bizkar gainean hartu zuen partida osoan zehar, eta bigarren laurden honetan ere aipatzekoa da sartu zituen 7 puntuak, atsedenaldira 23-15 iristeko.

 

Hirugarren laurdena oso ondo hasi zuten Zarauztarrek, defentsa onak eta trantsizioko egoerak baliatuz. Olatzek aprobetxatu zituen ondoen egoera hauek, laurdeneko lehen lau minututan 8 puntu sartuaz, eta 14 puntuko abantaila eskuratuz etxeko taldearentzat. Hala ere, Easok talde sendoa zela erakutsi zuen eta ez zioten markagailuan joaten utzi, azken laurdenera 37-26ko markagailuarekin iritsi zirelarik.

 

Laugarren laurdenak, bide beretik jarraitu zuen, partidu guztian erakutsitako defentsa mantenduaz, Norak zentzu honetan aro azpian egindako lana nabarmentzekoa delarik. Azkenean 51-35 markagailuarekin amaitu zen partidua, eta beraz, euren multzoan partidurik galdu ez duen talde bakarra da Zarauzkoa. Beste berri on bat ere egon zen partiduan, izan ere, bost astez lesionatua egon ondoren Eiderrek euskal ligako bere lehenengo partidua jokatu ahal izan zuen.

 

Orain lanean jarraitzea tokatzen da, partiduz partidu, bide beretik jarraitzeko.

 

Zorionak neskak!

 

AURREKOA    HURRENGOA