Home ZAST

Senior Ema. 1.Maila Vs Goierri

Hamaikagarren garaipena jarraian lortu zuten pasa den igandean Urretxun, Goierriren aurka, Graficas Juaristi-ko neskek. Hirugarren sailkatuaren etxean 61-83 irabazi ostean, sendo jarraitzen du lidertzan gure senior nesken lehenengo taldeak.

<   >

Gipuzkoako lehenengo mailako hemeretzigarren jardunaldiko partida jokatu zuen pasa den igandean Urretxun Zarauzko senior nesken lehen taldeak, Goierri-ren aurka hain zuzen ere. Partida interesgarri bezain zaila espero zuten Zarauztarrek, izan ere, denboraldi bikaina egiten ari da Urretxuko taldea, hirugarren postuan kokatuak daudelarik eta orain arte etxean partidurik galdu gabe zeudelarik.

 

 

Partida erritmo bizian hasi zen, segundo gutxiko baloi jabetzekin eta bi taldeak asko asmatzen saskira begira. Pixkanaka, ordea, lehen aldetxoa ateratzen hasi zen markagailuan kanpoko taldea Ane-k jarraian sartu zituen bost puntuei esker. Goierrik, hasieratik, txandakako defentsa desberdinak planteatu zituen baina hori ez zen arazo izan Zarauztarrentzat eta baloi mugimendu onari eta espazioen irakurketa desberdinei esker, lehen laurdena 10 puntuko abantailarekin amaitu zuten, 17-27 hain justu.  

 

 

Bigarren laurdenak ildo beretik jarraitu zuen, erritmo aldetik batez ere, baina garbi zegoen dena ez zela arrosa kolorekoa izango Zarauztarrentzat. Defentsan intentsitate puntu bat jaitsi zuten eta Goierri kanpotik asmatzen hasi zen, lau hiruko sartu zituztelarik laurden honetan, partida berdinduz hau amaitzeko lau bat minutu falta zirenean. Joane-k sartutako zazpi puntuei eta azken arrapalada bati esker, berriz ere aldetxoa ateratzea lortu zuen Graficas Juaristi-k, atsedenaldira 39-47 iristeko.

 

 

Bigarren laurdenean izandako defentsako arazoez jakitun irten ziren kantxara Zarauztarrak bigarren zatian eta hasieratik nabaritu zen emandako aurrerapausoa. Goierriri asko kostatzen hasi zitzaion eraso onak egitea eta, hori dela eta, aldea geroz eta gehiago handitzen joan zen kanpoko taldearen onuran. Baloi mugimendu onari esker, kanpotik asmatzea lortu zuten eta baita faltak probokatzea ere, jaurtiketa libreko marrara joan ahal izateko. Hala, laurden baten faltan, markagailuak 46-69 adierazten zuen.

 

 

Azken laurdena nahiko arraroa izan zen, bazirudien partidua nahiko erabakita zegoela eta intentsitatea dezente jaitsi zen. Baloi galtzeak ugaritu ziren bi aldetan, eta erabaki onak hartzea gehiago kostatzen zela ematen zuen, baina bi taldeek lanean jarraitu zuten bukaera arte. Aipatzeko Leire Anaut-ek egindako partidua, hiru hiruko eta 21 puntu sartu zituelarik guztira. Azkenean, partidua, 61-83 amaitu zen Zarauztarren alde.

 

 

Aste honetan atsedena tokatzen zaio Graficas Juaristi-ri eta, beraz, lidertza mantenduko du beste aste betez taldeak, liga erregularra amaitzeko bi partidu falta zaizkien honetan. Datorren astean, Oreretara joan beharko dute larunbat arratsaldean Oiarso taldearen aurka jokatzera.

 

 

Animo neskak, segi lanean!

AURREKOA    HURRENGOA