Home ZAST

Ulacia Zarautz Autonomika | Lauko finalarekin amesten!

Bukatu du lehen itzulia nazional mailako 2. kategorian dagoen Ulacia Zarautz mutilen taldeak. Fase honetara 3-3ko balantzearekin sartu ziren eta oreka berdinean bukatu dute laugarren jardunaldiaren ostean, 5-5ekoa baita orain sailkapenean ageri den irabazitako eta galdutakoen kopurua.

<   >

 

 

Lehen jardunaldian Askartza hartu zuten etxean eta partida zinez zaila jarri zitzaien hasieratik. Lehen fasean A multzoko liderra izan da talde bizkaitarra eta defentsako lan eskergari esker beren uztaian saskiratzea oso lan zaila da edonorentzat. Hala, gure mutiletik galdu egin zuten, nahiz eta 11 puntuko aldearekin soilik bukatu zuten partida. Bigarren jardunaldian Galdakaora joan ziren Ulaciakoak, taldean hutsune nabarmenak izan zituzten eta horren ondorioa izan zen emaitza. Lehen unetik kosta egin zen erasoko lana taxuz egitea eta defentsan ere nahikoa pattal aritu ziren gureak. Hori baliatuta hiruko marratik gogor zigortu zuen Tartalo Ibaizabalek gure taldea eta 19 puntuz irabazi zuten bizkaitarrek norgehiagoka.

 

Azken bi partidetan, ozta-ozta bada ere, garaipen bana eskuratu dute gure mutilek, ordea. Etxean Zornotza jaso zuen lehendabizi ZASTeko taldeak eta partida ezin apurtuta ibili ziren, une batean atzetik jartzeraino. Baina bukaeran berriz ere partidan sartu eta garaipena etxean geratu zen. Antzerako zerbait gertatu zen Santutxun jokatutako partidan. Partida orekatuagoa izan zen Hotel Gran Bilbao Berrio Otxoaren kontrakoa, baina gure taldeak partidaren kontrola eskuratu zuen unean garaipena etxera ekarri zuen.

 

Asteburu honetan berriz ere kanpoan jokatuko dute, Leioan, Askartzaren kontra. Partida zaila dute eta ezer galtzekorik ez dutela joango dira bertara. Geratzen diren lau neurketetatik bi irabazita, okerrik ezean, maiatzean jokatuko den lauko finalean izango dira Ulacia Zarautzekoak, baina horretarako lan asko geratzen da aurretik eta ez da erraza izango, kontuan hartu behar baita talde berria dela kategoria honetan. Ea zer nolako bidea egiten duten!

AURREKOA    HURRENGOA