Home ZAST

Euskal Ligako Junior Neskek lehen postua A-2 Multzoan

Pasa den larunbatean Gasteizko Araberri taldeari 57-32 irabazi ostean, Euskal ligako A-2 multzoko lehen postuan amaitu dute, eta beraz, datorren urterako Euskal ligako txartela eskuratu dute.

<   >

Urtarrilean lortu zuten Junior neskek Euskal ligara igotzea, lauko final ikusgarri bat egin ostean, eta bazekiten intentsitate handiko 8 partidu jokatu beharko zituztela bertan. Hasiera ezin hobe baten ostean, lehen zazpi partidutatik sei irabazita iritsi ziren larunbata goizean Aritzbataldera, oraindik ere datorren urteko plaza jokoan zegoelarik. Irabazten bazuten, plaza eurena izango zen baina galdu ezkero, beste emaitza batzuen zain geratu beharko zuten.

 

Parean, Gasteizko Araberri taldea, partidarik irabazi gabe zegoena, baina hau Euskal liga da eta erlaxatuz gero edozein taldek eman dezake ezustekorik. Horren jakitun hasi zuten partidua Zarauztarrek, intentsitate handiz defentsan eta erasoan baloia ondo mugituz. Hasierako tentsioaren ondorioz, sarreraren bat edo beste hutsegin zuen etxeko taldeak, baina ez zen arazo izan markagailuan aurre hartzeko eta lehen laurdena 14-5 amaitu zen.

 

Esan bezala, ez zuten sustorik nahi, eta hasierako intentsitatea mantentzeko gai izan ziren bigarren laurdenean ere Zarauztarrak. Presioari eta defentsa onari esker, baloiak lapurtu eta kontraerasoko puntuak eskuratzeko gai izan zen eta honen ondorioz, aldea geroz eta handiagoa zen markagailuan, atsedenaldira 33-10 iristeko.

 

Bazirudien partidua nahiko erabakita zegoela atsedenaldirako eta horrek partiduaren intentsitatean eragina izan zuela esan daiteke. Erritmoa ere jaitsi egin zen, eta nabari zen etxeko taldea ez zegoela hasierako minutuetan bezain kontzentratua baina uneoro abantaila handia mantendu zuten markagailuan eta partidua ez zen arriskuan inoiz egon. Denboraldiko azken minutuak ziren, eta disfrutatzeko baliatu zituzten, denek antzeko jolasteko aukera izan zutelarik. Aipatzekoa da, jokalari denen artean ez zela saskiratze diferentzia handirik egon, garbi islatzen duelarik taldea zeinen konpentsatua dagoen eta denek daukatela zer aportatua taldean. Kontuak kontu, partida 57-32 amaitu zen, garaipena poltsikoratu zutelarik datorren urteko Euskal ligarako txartelarekin batera.

 

Hau esanik, taldean modu batera edo bestera lagundu duten jokalari guztiak aipatu gabe ezin utzi: Izar, Ane, Mireia, Lide, Janire, Josune, Eider, Joane, Eneritz, Nora, Olatz, Jare, Irati, Iraia eta Maider. Milesker eta zorionak urte osoan zehar egin duzuen lanarengatik, orain deskantsu on bat hartzea tokatzen da, datorren urtean indar gehiagorekin hasteko.

 

Aupa neskak!!

AURREKOA    HURRENGOA