Home ZAST

ASTEBURUAN PARTIDU BAT IRABAZI ETA GALDU ONDOREN, BIGARREN JARRAITZEN DU SAILKAPENEAN ZAST-ULACIAK

EBA saskibaloi ligako AA multzoan jokatzen duen Zast-Ulacia talde zarauztarrak bi partidu jokatu ditu martxoaren 19tik 21erako asteburuan: etxean bata, Goierriren aurka, bosgarren jardunaldiko partidu atzeratuan, eta LBC Cocinas Logroñoko taldearen aurka bestea, 18. jardunaldiari zegokion partiduan.

<   >

Lehendabiziko partidua, ostiral arratsaldez jokatua, nahiko partidu erosoa izan da zarauztarrentzat eta goitik behera menderatu dute, lehen laurdenetik bertatik. Partidurik irabazi gabe zetorren Goierritik talde urretxuarra eta horrelaxe amaitu zuen, 79-60, Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian jokatutako partidua.

Markagailuan alde dezentea finkatu ondoren, zarauztarrei kosta egin zitzaien Asier Rekondo entrenatzaileak aulkitxotik eskatzen zien erritmoa jartzea partiduari. Irabazi arren, zarauztarrek ez zuten partidu borobilik egin. Gainera, zarauztarren taldeak beste intzidentzia aipagarri bat izan zuen, Ale Romero hegal-pibotaren lesioa hain zuzen, taldearen barruko jokoa ahulduko zuena igandeko partidu garrantzitsurako.

Zarauztarrek Logroñon jokatu dute San Joseko zubiko asteburu luzeko bigarren partidua LBC Cocinas taldearen aurka, eta 61-59ko markagailu estuaz galdu dute, partidu osoan zehar markagailuan atzetik joan ostean.

Zarauztarrek Logroñoko taldea azken laurdenean gogotik estutu duen arren, ezin izan diote bueltarik eman aurreneko hiru laurdenetan pilatu duten desabantailari. Markagailuko azken emaitzak bi puntuko alde murritza erakutsi du, baina erreboteetan, esaterako, aldea askoz ere handiagoa izan da Logroñoko taldearen alde, zarauztarrek baino hemeretzi gehiago hartu dituztelako, eta nekeza da, noski, horrelako datu bati buelta ematea, defentsan oinarritutako partidu batean.

Zarauztarrek hamahiru puntuko aldeaz irabazi dute azken laurdena, baina laugarren laurdena hasterako hamabost puntuko desabantaila pilatua zutenez, ezin izan dute partidua irabazteko balentria erdietsi.

Zarauztarrek ligako bosgarren partidua galdu duten arren, bigarren jarraitzen dute sailkapenean, hamaika partidu irabazita. Tamalez, orain bi porroten aldea dute sailkapenean lehen postuan dagoen Mondragon Unibertsitatearekiko.

Zarauztarrek datorren igandean, martxoaren 28an jokatuko dute hurrengo partidua, arratsaldeko 16:00etan, Ardoi talde nafarraren aurka, sailkapenean laugarren postuan den taldea. Nafarrek goi goian hasi zuten denboraldia lehen itzulian 7 partida irabaziz hamar partidetatik, baina bigarren itzuli honetan zazpi partidetatik bakarra irabazi dute eta jeitsiera postuetara hurbiltzen ari dira.

 

AURREKOA    HURRENGOA