Home ZAST

ZAST-ULACIAREN GARAIPEN ERRAZA GOIERRI ALDEAN EBA LIGAKO 16. JARDUNALDIAN

EBA saskibaloi ligako AA multzoan jokatzen duen Zast-Ulacia taldeak garaipen erraza eskuratu du martxoaren 6an, larunbatez, Urretxuko Aldiri kiroldegian Goierri – Iparragirre 2020 taldearen aurka jokatutako partiduan, 43 – 94 izan baita partiduaren azken emaitza.

<   >

Zarauztarrak gaur egun bere jokalari den Iñigo de la Heraren talde ohiaren aurka jokatzen zuen eta, hasiera batean, irabazteko moduko partidua zen, talde goierritarra sailkapenean azken postuan dagoelako, oraindik partidurik irabazi gabe. Hain justu, Iñigo de la Hera bera izan da partiduan puntu gehien sartu dituena, 17, eta balorazio handiena izan duena, 22 balorazio kreditukoa.

Zarauztarrek partidua erraz irabazi baldin badute ere eta markagailuan ehun puntura gerturatu diren arren, ez dute partidua oso fin hasi eta uste baino berdintasun handiagoa ikusi da kantxa gainean, lehen laurdena hemeretzinakoan amaitu baita.

Lehen laurden horren ostean, ordea, zarauztarrak erabat nagusitu dira kantxa gainean eta, bigarren laurdenaren, hau da, partiduaren lehen zatiaren amaieran, erabakita utzi du partidua 7 eta 30eko partzial bat egin ostean. Guztira, hogeita hiru puntuko aldea atera dio laurden horretan etxeko taldeari eta, geroztik, alde horrek gora egin du, partidu amaierako markagailuan ikus daitekeen moduan.

Partiduaren bigarren hirugarren eta laugarren laurdenetan, zarauztarrek eutsi egin diote bigarren laurdenean erakutsitako defentsa onari, bederatzi eta zortzi puntu baino ez baitituzte onartu beren saskian.

Nabarmentzekoa izan da, Goierriren aurkako partidu horretan, ez dutela jokatu Jon Sanzek, epe luzeko bajan, eta Ale Romerok.

Sailkapenari begiratua emanda, Asier Rekondoren taldeak goiko postuetan jarraitzen dute. COVID-a dela partida kopuru ezberdinak dituzten taldeak daude. Batzuk 13 partidekin, beste batzuk 14rekin eta baita 15ekin ere. Zarauztarrak sailkapenean hirugarren daude, baina ondoan dituztenak baina partida bat edo bi gutxiagorekin. 9 garaipen eta 4 porrot dituzte eta liderrak, Mondragon Unibertsitateak 12 garaipen eta 3 porrot dituzte.

Denboraldiko egutegiari erreparatuta, zarauztarrek martxoaren 14an, igandez, jokatuko dute hurrengo partidua, arratsaldeko 16:00etan, sailkapen taldearen erdialdean dagoen CB Solares talde kantabriarraren aurka. Ligako 17. jardunaldia izango da.

 
 

AURREKOA    HURRENGOA