Home ZAST

ULACIA ZARAUTZ 56 EASO 67

Partidaren hasiera txar bati buelta eman ezinik, urteko lehen partidua galdu du ZAST-ULACIAk.

 

<   >

Iazko abenduaren 13tik partidu ofizialik jokatu gabe egon ondoren, urtarrilaren 17an, hilabete eta lau egun geroago bueltatu da lehiaketara EBA saskibaloi ligan jokatzen duen Zast-Ulacia taldeak, eta ezin izan du urtea garaipen batekin hasi, hamaika puntuz galdu baitu, 56-67ko emaitzarekin, Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian Donostiako Easko taldearen aurka jokatu duen partidua.

Zarauzko taldeak irabazia zion jada aurtengo denboraldian Donostiako taldeari Aritzbatalden bertan jokatutako Euskal Koparen finalerdian eta, hasiera batean, bazirudien partidua lehiatu eta irabazteko moduan ere izan zitekeela, donostiarrek etxean utzi behar izan dutelako beren kanpo jaurtitzaile finena. Tamalez, ez da horrela izan eta zarauztarrek galdu egin dute urteko lehen partidu hau, Donostiarrek defentsan erakutsi duten grinaren ondorioz, bati bat.

Partiduaren hasiera-hasieratik ikusi da, defentsak gailenduko zitzaizkiela erasoei: bi taldeak beren esparrua gotortzen saiatu dira eta bereziki trebe aritu da lan horretan Easo taldea, barneraketak ukatu baitizkio etxeko taldeari eta asko zaildu baitio baloiaren zirkulazio azkarra. Lehen laurdenean, ordea, ez da alde handirik izan markagailuan eta donostiarren Lander Dorronsoro pibotak baloi edukitzaren amaieran eta taularen kontra sartutako hiruko batek markagailuan hiru puntuko aldea eman die bisitariei lehen laurdenaren amaiera horretan.

Bigarren laurdenak joera hori bera erakutsi du, baina bi ezaugarri hauek gehituta: donostiarren defentsak zalantza asko sorrarazi dizkio zarauztarren erasoari eta zarauztarrak, gainera, ez dira Easoren intentsitate beraz aritu kantxaren bi aldeetan. Hamaika puntuko aldea atera dio Easok laurden horretako partzialean Zast-Ulaciari, eta hamaika puntuko alde horixe bera erakutsi du makagailuak partiduaren amaieran.

Hortik aurrera, zarauztarren erreakzioa nahiko berandu du iritsi da, hirugarren laurdenaren amaieran. Zorrotzago aritu dira defentsan eta indar handiagoz saiatu ditu barneraketak egiten. Horrela jokatuta, bederatzi puntura murriztu dute aldea azken laurdena hasi aurretik.

Baina azken laurdenean, zarauztarrak zazpi puntutara gerturatu diren arren, berriro trabatu da partidua talde donostiarraren alde. Donostiarrei ez zitzaien partidu azkar bat komeni eta ederki asmatu dute erritmoa geldotzen, zarauztarrek joko posizionalean erakutsi duten ezintasunaz baliatzeko.

Igandeko partiduak, porrotaz gainera, izan du beste albiste txar bat zarauztarrentzat, azken laurdenean, partidua erabakita zegoelarik, min hartu baitu Asier Azpeitia jokalariak. Hurrengo egunetan jakingo da bihurritu arin bat izan ote den ala zerbait larriagoa. Ahazteko partidua izan da gaurkoa Zarauzko taldearentzat.

Hasiera batean, datorren larunbatean izango du garaipenaren bidera bueltatzeko aukera, Iruñan jokatuko baitu Ardoi taldearen aurka. Hilaren amaieran, urtarrileko azken egunean, izango du hurrengo partidua etxean, Durangoko Tabirakoren aurka.

AURREKOA    HURRENGOA