Home ZAST

ZAST-ULACIA TALDEAK GASTEIZEN LORTU DU 20-21 DENBORALDIKO BIGARREN GARAIPENA, BASKONIAREN AURKA

Etxetik kanpo lehen partida jokatu ULACIA ZARAUTZen Baskoniako harrobi taldearen aurka garaipena eskuratuz.

<   >

Azaroaren 15eko igandearen goizeko hamaiketan jokatu du EBA ligako Zast-Ulacia taldeak 20-21 denboraldiko bigarren partidua, eta bigarren garaipena lortu du jarraian. Oraingoan, Gasteizko Baskonia taldeari irabazi dio, Gasteizko Bakh Kirol Hirian, markagailura 61-75eko emaitza igo ondoren.

Ez zen Gasteizko taldea, hasiera batean, Zast-Ulaciaren aurkari EBA ligako laugarren jardunaldi horretan, Egues ibarreko talde nafarra baizik, baina pandemiaren egoerak Nafarroarako sartu-irtenak galarazita dituenez, urtarrilaren 30ean Gasteizen jokatzekoa zen partida aurreratzea hitzartu dute Baskoniak eta Zast-Ulacia taldeek.

Zarauzko taldeak gogotsu ekin dio partiduari. Ez da batere erraza etxetik kanpoko partiduak irabaztea eta, horren jakitun, Zast-Ulaciak hasiera-hasieratik erakutsi du lanera joan dela Gasteizeraino. Etxeko talde gaztearen hasierako bulkadari eutsi eta bi puntuko aldeaz irabazi dute zarauztarrek lehen laurdena.

Zast-Ulaciak segida eman dio bigarren laurdenean lehen laurdeneko lan onari, eta beste zazpi puntutan handitu du lehen laurdeneko aldea, bederatzi puntuko errenta eroso batez iritsi delarik partiduaren atsedenaldira.

Atsedenaldiaren ondoren, partidua nahiko urduria izan da, joan-etorri asko eta huts ugarikoa. Baskoniak, atzetik zela jakitun, lerroak aurreratu eta presioa erabili du kantxa osoan. Era berean, partidua azkartzen saiatu da, kontraeraso azkarren bila, baina Zast-Ulaciak presiotik irteten asmatu du eta, errebotean izan duen nagusitasunari esker, gasteiztarrek ez dute kontraerasorako aukera handirik izan.

Adierazi dugun moduan, zarauztarrek nagusitasun handia izan dute errebotean, gasteiztarrek baino hamar gehiago hartu baitituzte, baina aurpegi on horren ifrentzuan, kaskar aritu dira, beste behin, jaurtiketa libreetan, jaurtitako hamalauetatik sei baino ez baitituzte saskiratu. Hala ere, bi albiste pozgarri utzi dizkigu partiduak: zarauztarrek sendo jarraitzen dute defentsa eta, gaurko partiduan, laurogei puntura gerturatu dira erasoan. 

Zarauzko taldea gasteiztarra baino nabarmen hobea izan da posizio erasoan, entrenatzaile zarauztarrek arbelarekin egindako lan onaren erakusle. Partidaren bigarren zati horretan, talde gasteiztarra entrenatzaile nagusirik gabe geratu da, gainera, kaleratua izan baita epaileek bi teknika adierazi ondoren.

Gasteiztarrak gogoa indartuz saiatu dira entrenatzailearen kanporatzeari aurre egiten eta, izatez, lortu dute puntu bakar batez irabaztea azken laurdena, baina partida amaiera nahiko erosoa izan du talde zarauztarrarentzat, aurrez pilatuta zuen abantailaren ondorioz.

Sendotasuna eta, neurri batean, ofizioa erakutsi ditu Zast-Ulaciak ligan jokatu duen bigarren partiduan eta, gauzak ondo bidean, datorren igandean jokatuko du hirugarrena, Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian, Goierri-Iparragirre taldearen aurka. Liga hasiera ona berresteko aukera paregabea izango du Zast-Ulaciak. 

 
 

 

AURREKOA    HURRENGOA