Home ZAST

ZAST KURAYE | 21/22 Denboraldiaren laburpena…

Pandemiako urtea luze joan zitzaien Zast Kurayeko jokalariei. Partidarik gabe, *baraurik*. Garaian garaiko arauek uzten zutenean entrenatzen jarraitu zuten, gogor, etsi gabe. Ez da erraza lehiatu gabe entrenatzea…

<   >

 

Baina aurten bai!

Baraunaldia puskatu ahal izan dute, enpatxatzeraino. 

*peritiboa Easoko kopa, Irailan. 

Paper txukuna, hirugarren postua eskuratuz eta sailkapenean gipuzkoarren artean talde onena izatea lortuz. Aurredenboraldian bazirudien hiru taldeen artean egongo zela Gipuzkoako infantil nesken txapelketa: Iraurgi, Ordizia eta Zast Kuraye.

 

Lehen platera, zortzi talde, helburua bigarren faserako sailkatzea zen eta horretarako komeni lehen lau postuetan sartzea. Errez antzera lortu zuten sailkapena Iraurgik, porrot bakarrarekin, Zast Kuraye eta Ordizik hiruna partida galduta. Laugarrena, estuago, Easo Oriamendi.

 

Garai beretsuan Kurayeko hiru jokalariek, Janitz Aguadok, Sua Gurrutxagak eta June Peinadorrek, Euskadiko Selekzioen txapelketa jokatzeko aukera izan zuten, lan txukuna burutuz eta bigarren postu eskuratuz. Martina Garciak ere hautatu izan zen, baina azken orduko lesio txiki bat tarteko ezin izan zuen parte hartu.

Behin bigarren faserako sailkatuta, benetako momentua iritsi da. Bigarren platera: sei talde, aipatutako laurak eta lehen urteko bi talde bikain, Easo Irulea eta Bera Bera. Lehen sailkatua Gipuzkoako Txapeldun izendatuko da eta lehena eta bigarrena Euskadiko Txapelketarako sailkatuko dira. Azken helburu hau dute begizjota Dan Lertxundik entrenaturiko taldeak. Aurtengo jatorduko postrea. Oraindik asetu gabe du lehiaketa gosea Kurayek.

 

Izan ere, Kurayek “hiena” esan nahi du. 

 

Ez du batere erraza edukiko postrea dastatzeko eskubidea eskuratzea. Lau lehoi uxatu beharko dituzte Kurayetarrek, lehena Ordizin, larunbata honetan, bigarrena hurrengo asteartean etxean, ondoren Apirilak 30ean Azpeitin eta, azkena, hau etxean, Easo Oriamendiren aurka.

 

Orainartean, aurredenboraldiko aurreikuspenak bete egin dira. Iraurgi, Ordizia eta Kuraye daude burruka estuan. Azpeitiarrak erakutsi dute ibilbiderik sendoena, Ordiziri bi partidak irabazi dizkiote, bigarrena nabarmen eta Zarautzen partida oso gogor batean, 21-26, garaipena azpeitira eramatea lortu zuten. Ondoren Ordizik eta Zast Kurayek antzeko ibilbidea erakutsi dute, emaitzak ikusita Ordizik garaipen garbiagoak eskuratu ditu, baina Ordiziarrek Zarautzen 42-34 galdu zuten. Zortzi puntutako alde hau altxor preziatua izango da zarauztarrentzat Ordizin irabaztea ez baita batere erraza izango.

 

Ordizin irabazita Gipuzkoako Txapeldun izatea ere suertatu daiteke, zazpi puntu edo gutxiagogatik galduez gero, Euskadiko Txapelketara sailkatzeko aukera handiak edukiko dituzte eta tarte handiagoaz galduez gero, beste hiru partidak irabazita ere sailkatzea lortu dezakete, horretarako erronka ez da makala izango, besteak beste Azpeitin irabazi beharko baitute.

 

Baina, jarri dezagun lehiaketa bere lekuan, ibilitako bidea da benetan merezi duena. Entrenamendu saio eta partida mordoa, ordu asko, flexio eta sprint asko, lan itzela. Emaitzak direnak izanda ere, arro egon daitezke Kurayetarrak egindako lanagatik.

 

Taldea, Janitz Aguado, Ninbe Etxabe, Martina Garcia, Sua Gurrutxaga, Garazi Linazisoro, June Peinador, Yun Sabaltza eta Daniela Telletxeak osatzen dute. Bigarrengo taldeko jokalari askok eduki dute urtean zehar taldean esku bat botatzeko aukera, baina azken garaian bereziki June Iruretagoyena eta Aitana Urdampilleta aritu dira, taldeko bat gehiago izateraino. Aipatzekoa baita Kurayetarrak Pello eta Victorrek entrenaturiko ZAST 2006 taldean ere aritzeko ohorea eduki dutela, tarteka, gustora asko gainera. Eskertzekoa Kurayekoak jasotako harrera bikaina.

 

Bukatzeko bi kontutxo, batetik Janitz Aguadori zoriontzea, Euskadiko taldearekin Espainako txapelketan parte hartzeko aukera izan baitu azken egunotan. Bestetik Daniela Telletxeari animoak ematea, lesio bat tarteko ezingo baitu taldeari kantxa barrutik lagundu. Hori bai, badira talde bat laguntzeko modu gehiago eta ziur bere konfiantza eta ausardia taldeari kutsatuko diola azken txanpa honetan.

 

AURREKOA    HURRENGOA