Amaitu da Gipuzkoako lehenengo mailako senior nesken liga erregularra eta lehenengo postuan amaitu dute Zarauztarrek 15 garaipen eta porrot bakarrarekin, igandean Aritzbatalden Donostiako taldea mendean hartu eta gero. Gauzak horrela, fase finalari ekingo diote aste honetatik aurrera.
Partidua hasi aurretik, lehen lau postuak erabakita zeuden jadanik, eta helburu desberdinekin ekin zioten partiduari bi taldeek. Etxeko taldearen helburua, fase finalari begira sentsazio onak berreskuratzea eta kanpoko taldearena berriz, denboraldiko azkeneko partidua izanik, ahalik eta ongien amaitzea. Gogo horrek bultzatuta edo, oso ondo hasi zuten partidua Donostiarrek, gehiago kosta zitzaielarik partidan sartzea Graficas Juaristi-ko neskei. Defentsan ez ziren kontzentratuta hasi eta erasoan nekez lortzen zuten baloia behar bezala mugitzea. Enara eta Ane-ren triple banari esker markagailuan nolabait eustea lortu zuten, lehen laurdena 13-15 amaitu zelarik kanpoko taldearen alde.
Bigarrenean, ordea, taldearen erreakzioa ikusi genuen, erasoan batez ere, non baloia erraztasun gehiagorekin mugitzen hasi ziren eta uztai azpira baloi gehiago sartu zituzten, saskiratze errazagoak lortuz. Nora Bereziartuak aprobetxatu zituen ondoen egoera horiek eta sei puntu ia jarraian sartu zituen atsedenaldira 33-25 iristeko.
Bigarren zatian, dinamika onarekin jarraitu zuen talde Zarauztarrak, batez ere, defentsan emandako aurrerapausoari esker, bigarren zati guztian 15 puntu bakarrik jaso zituztelarik. Erasoan berriz korrika egiteko aukera gehiago bilatu zituzten, partidaren erritmoa handituz, saskiratze erosoagoak lortzeko helburuarekin. Aipatzekoa Joane-ren partidu bukaera, azken laurdenean 8 puntu sartzea lortu baitzuen, eta guztira 15 punturekin amaitu zuen. Azken minututan, aurkako partzial bat jaso baldin bazuten ere, diferentzia eroso batekin amaitu ahal izan zuen partidua etxeko taldeak, 64-40 bukatu baitzuten.
Esan bezala, liga erregularreko lehen lau taldeak fase finalerako sailkatu dira, final erdiak bi partidutara izango direlarik eta finala partidu bakarrera. Graficas Juaristik Intxaurrondoko CD Internacional taldea izango du aurkari final erdietan eta joaneko partidua igande honetan bertan izango da 19:00tan Mons kiroldegian.
Orain arteko egindako lana ez dela alperrik izan azaldu nahi du taldeak eta finalerako txartela lortu. Aupa neskak!!