Home ZAST

Azken pausoa, IGOERA MAILA!

CD Internacional-en aurkako bi finalerdiak irabazi ostean, final handirako sailkapena lortu du Graficas Juaristik. 70-48 irabazi zion Intxaurroko taldeari Aritzbatalden jokatu zen bigarren finalerdian eta, beraz, Easo talde Donostiarraren aurka jokatuko du larunbat honetako finalean.

<   >

Duela bi asteburu hasi zuen senior nesken lehen taldeak igoerako fasea, Intxaurrondon, CD Internacional-en aurkako joaneko partiduan hain zuzen ere. Finalerdiak bi partidutara ziren, lehena kanpoan, eta beraz, garrantzitsua zen emaitza on bat lortzea, bueltako partiduan lasaiago ibiltzeko.

 

Partidua kontzentratuta hasi zuten Zarauztarrek, defentsan batez ere, baina etxeko taldeak hasieratik erakutsi zuen finalerako txartela ez zela merkea izango eta gure taldeak gogor egin beharko zuela lan emaitza on bat lortzeko. Horrelako partiduek ekartzen duten estuasuna tarteko, beldur puntu batekin hasi zuten partidua eta erasoan erabaki onak hartzea asko kostatzen zitzaien. Hala ere, defentsako sendotasuna tarteko, 4 puntuko abantailarekin iritsi ziren atsedenaldira, 20-24.

 

Atsedenaldiak, ordea, badirudi mesede egin ziola kanpoko taldeari eta hasierako urduritasunak uxatzea lortuta, bere ohiko jokoa egiten hasi ziren, pixkanaka markagailuan joaten hasteko. Erasoan, esan bezala, gorabehera gehiago izan zituzten, baina defentsan sekulako lana egin zuen taldeak partidu guztian zehar, uneoro konzentrazioa mantenduz, eta horren ondorio izan zen partiduko laurden guztiak irabaztea. Gauzak horrela, azken emaitza 59-35 izan zen, errenta polita bigarrengo partidua lasaiago jokatu ahal izateko.

 

Itzulerako partida, pasa den larunbatean jokatu zuen Graficas Juaristik, Aritzbatalde kiroldegian. Esan bezala, joaneko partiduko abantaila medio, lasaitasun puntu bat gehiago izan zuen partidak, baina Zarauztarrak ezin ziren erlaxatu, eta partiduaren helburu nagusia, finalerako prestatzea zen. Lehen laurdenean erasoek agindu zuten, eta partidua oso parekatua zioan, baina bigarren laurdenean defentsa estutzea lortu zuen etxeko taldeak eta atsedenaldira 36-21 iritsi ziren.

 

Esan zitekeen finalerdiak erabakita zeudela ordurako, baina Zarauztarrek borrokatzen jarraitu nahi zuten, finalera begira, eta horren ondorioz sekulako hirugarren laurdena egin zuten, erasoan batez ere, 24 puntu sartu zituztelarik, oso sentsazio onekin. Partidua nola zegoen ikusita, azken laurdenean intentsitateak behera egin zuen eta kanpoko taldeak egoera hau aprobetxatu zuen distantziak pixka bat murrizteko eta azkenean, partidua 70-48 amaitu zen.

 

Finalerdi bikainak egin ostean, mahaian kolpe sendoa eman dute Graficas Juaristiko neskek eta larunbat honetan jokatuko den finalerako txartela lortu dute. Easo izan da txartel hau lortu duen beste taldea, Goierriri bere finalerdiak irabazi ostean. Kategoria honetan, talde bakarrak izango du mailaz igotzeko aukera, eta beraz, finala irabazten duen taldeak lortuko du eskubide hori.

 

Zoriak zori, aurten Gipuzkoako final guztiak Zarautzen jokatuko dira eta, beraz, senior neskek euren finala etxean jokatzeko aukera izango dute. Larunbat honetan 19:00tan Aritzbatalde kiroldegian jokatuko da eta denon laguntza ezinbesteko izango da partidua irabazi ahal izateko. ANIMATU!!

AURREKOA    HURRENGOA