GOIKO POSTUETAKO BESTE BISITARI BAT HARTUKO DU ZAST-ULACIAK 23.JARDUNALDIAN
EBA saskibaloi ligako AA multzoan jokatzen duen Zast-Ulacia talde zarauztarrak Megacalzado Ardoi talde nafarra hartuko du ligako 23.jardunaldian, Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian igande honetan arratsaldeko 18:30ean jokatuko den partiduan.
Azken aldian gertatzen ari zaion moduan, bere multzoko sailkapenean goiko aldean dagoen talde bat hartuko du Zarauzko taldeak; izan ere, Zizurgo Ardoi taldea bosgarren postuan dago. Partidu zaila izango bada ere, jakina da Zarauzko taldea oso lehiakorra dela etxean jokatzen duenean, eta lehiakortasun horri eutsiz, izango du irabazteko aukerarik, Aritzbatalde kiroldegian sortzen den giro berezi horrek lagunduta.
Zizurren jokatu zen joaneko partiduan, Zarauzko taldeak hamaika puntuko aldeaz galdu zuen markagailu baxuko partiduan; beraz, pentsatzekoa da eskema hori errepikatu daitekeela berriro ere: partidu fisikoa eta defentsan oinarritutakoa. Gehien gehienetan gertatzen zaion moduan, ahalmen fisiko handiagoko talde bat izango du aurkari Zarauzko taldeak. Garaiera fisiko horren berri ematen du joaneko partiduko beste datu honek: zarauztarrek baino hamar errebote gehiago jaso zituen talde nafarrak.
23. jardunaldia barne hartuta, EBA ligak zortzi partidu falta ditu 19/20 denboraldia amaitzeko, eta horien erdiak, lau, etxean jokatuko ditu Ulaciak, Aritzbatalde kiroldegian. Zarauztarroi eta inguruko zaletuoi, beraz, aukera gutxi geratzen zaizkigu Zast-Ulacia denboraldi honetan egiten ari den saskibaloi bizia eta gustagarria ikusteko. Ez huts egin igande arratsalde honetako aukera, merezi du!