SANTANDERREKO ARHA HOTELES TALDEA IZANGO DU AURKARI ZAST-ULACIAK IGANDE HONETAN
EBA saskibaloi ligako AA multzoan jokatzen duen Zarauzko Zast-Ulacia taldeak Santanderreko Arha Hoteles taldearen aurka jokatuko du igande honetan Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian, arratsaldeko 18:30ean, ligako 21. jardunaldian.
Aurkari gogorra datorkio berriro etxera Zarauzko taldeari, etxeko aurreko partiduan, orain hamabost, multzoko liderra etorri baldin bazitzaion, bigarren postuan den Arha Hoteles talde kantabriarra etorriko zaio oraingoan Aritzbataldera.
Partiduaren atariko datuen artean, aipatzekoa da orain gutxi arte Santanderreko talde horren aurka lortutakoa izan duela Zast-Ulaciak sasoi honetan etxetik kanpo lortutako garaipen bakarra.
Santanderren jokatutako partidu hartan, Arha Hotelesek zenbait jokalari garrantzitsu falta zituen, baina orduz geroztik, Santanderreko taldeak nabarmen egin du gora bai jokoan, bai sailkapenean. Petar Radojicic serbiar pibota eta James Bittner hegaleko estatubatuarra ditu erasoko jokalari nagusiak, eta Jon Peña joko-antolatzailea da kantxan minutu gehien jokatu eta asistentzia gehien banatzen dituena. Gertutik zaindu beharko ditu Zast-Ulaciak hiru jokalari horiek.
Santanderreko taldea bere etxean Baskoniari irabazi ondoren etorriko da. Seigarren partidua du jarraian irabazi duena eta aldeko emaitzen bolada horrek indartuta gerturatuko da Zarautzera. Zailak dira partidu guztiak EBA ligan, baina erronka handia izango da etxeko taldearentzat sailkapeneko bigarren postuan den taldeari irabaztea.
Zast-Ulacia morala indartuta bueltatuko da Zarauzko Aritzbataldera jokatzera; izan ere, etxetik kanpoko bigarren garaipena lortu zuen aurreko jardunaldian Valladoliden, eta eten egin zuen etxetik kanpo zeraman partidu galduen bolada luzea. Defentsan emandako aurrerapausoa berretsi behar du orain ligako talde onenetako baten aurka.
Zarauzko saskibaloi jarraitzaileek eta, oro har, kirolzaleek, arrazoi asko dituzte, beraz, igande arratsalde honetan, 18:30ak aldera, Zarauzko Aritzbatalde kiroldegira gerturatzeko. Giro ederreko beste ikuskizun bikain bat dute zain.