ZAST-ULACIAREN BALENTRIA ETXEAN MULTZOKO BIGARRENARI IRABAZITA
EBA saskibaloi ligako AA multzoan jokatzen duen Zast-Ulacia talde zarauztarrak balentria handia egin du pasa den igandean Santanderreko Arha Hoteles bigarren sailkatuari 77-74 irabazita. Luzapenean erabaki da Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian jokatu den partidu bikain eta emozioz beterikoa, ligako 21. jardunaldiari zegokiona.
Partidua hasterako, Zast-Ulaciak bi berrikuntza zituen, horietako bat oso pozgarria eta taldeak aspaldian espero zuena: lesio luze baten ondoren, kantxetara bueltatu da Jon Sanz jokalaria. Taldeak benetan eskertu du Jonen itzulera, oso minutu onak eman baititu kantxaren bi aldeetan. Bigarren berrikuntza Boni Almeida jokalariaren errefortzua izan da. Minutu gutxi izan ditu, baina igarri da bere indarra, batik bat defentsan.
Hasiera-hasieratik abiatu da Zast-Ulacia partiduaren bila, bereizgarri duen defentsan bikainean oinarrituta. Bi minutu baino gehiago behar izan dira partiduko lehen saskiratzea ikusteko. Etxeko jokalari Aitzol Eguzkitzak sartu du, eta bera izan da, partiduaren amaieran, saskiratzailerik onena, hogeita hiru puntu sartuta.
Zarauzko taldearen defentsa onaren adierazle garbia izan da multzoko bigarren sailkatua, Arha Hoteles taldea, hogeita bederatzi puntutan utzi duela atsedenaldian. Laguntzen sare bizkor eta eraginkor baten bultzadaz, zalantza handiak eragin dizkio Santanderreko taldeari, eta zarauztarrek osatutako amaraunean kateatu dira.
Atsedenaldiaren ondoren, ordea, asko aldatu da partidua. Zarauztarren laguntza bidezko defentsak hiruko jaurtiketa errazak utzi dizkio aurkariari eta Santanderreko taldeak hainbat hiruko saskiratu ditu. Etxeko taldeak, gainera, zortzi puntu baino ez ditu saskiratu hirugarren laurden osoan, eta aurkariak laurden horren azken segundoan sartutako hiruko batek puntu bat gora jarri du kanpoko taldea azken laurdenaren atarian.
Hirugarren laurdenaren amaieran jaso duen kolpe psikologikoa igarri du Zarauzko taldeak eta Arha Hoteles taldea sei puntu gora joan zaio laugarren laurdenaren lehen minutuetan. Zast-Ulacia ez zegoen, ordea, etsitzeko prest, eta zaleen animoek hauspotuta, erabakimenez joan da partiduaren bila. Jon Sanzek sartutako hiruko batek Santanderreko taldearen goranzko joera eten du, eta defentsaren erritmoa berreskuratuta, markagailuak berdinketa erakutsi du partiduaren arauzko berrogei minutuak amaitzean.
Partidua erabaki arte inor ez zegoen bere aulkitik altxatzeko prest, jokoa benetan bizkorra, emozioz beterikoa eta intentsitate handikoa baitzen kantxan. Etxeko taldeak beste mirakulu bat egin behar izan du irabazteko, berriro ere aurkariak baino errebote gutxiago jasota irabazi behar izan baitu partidua, hamabi errebote gutxiago jasota. Askotxo, saskibaloi partidu baterako.
Luzapeneko protagonista Rafael Silva jokalari angolarra izan da. Partiduan zehar ez du askorik asmatu jaurtiketetan, baina taldeak harengan sinesten jarraitu du eta bere esku utzi ditu partiduko baloi beroenak. Ederki erantzun dio jokalari angolarrak konfiantza horri eta bere hiruko saskiratze batek eta zenbait jaurtiketa librek etxekoen alde erabaki dute partidua.
Beste saskibaloi arratsalde magiko bat izan dugu, beraz, aurreko igande honetan Zarauzko Aritzbatalden Zast-Ulaciarekin.