Home ZAST

IRITSI DA ZAST-ULACIAREN ETXETIK KANPOKO BIGARREN GARAIPENA, VALLADOLIDEN

EBA saskibaloi ligaren AA multzoan jokatzen duen Zast-Ulacia talde zarauztarrak aurreko larunbat honetan lortu du, Valladolideko Arroyo de la Encomienda kiroldegian, sasoi honetako bigarren garaipena etxetik kanpo. Markagailuaren partida amaierako emaitza estua izan da, hiru puntuko alde txikiaz irabazi batu Zarauzko taldeak: 59-62.

<   >

2019-2020 denboraldi honetako hogeigarren jardunaldira arte itxaron behar izan du Zast-Ulaciak etxetik kanpoko bigarren garaipena eskuratzeko. Oso garesti daude garaipenak etxetik kanpo, eta larunbateko emaitza hau oso une egokian dator Zarauzko taldearentzat, garaipen baten premian baitzegoen urte hasierako dinamikari buelta eman eta ligako azken txanpari indarberrituta ekiteko.

Zast-Ulaciak defentsan oinarritu du Valladoliden lortutako garaipena. Markagailuak norgehiagokaren amaieran ageri izan duen puntu kopuru baxuak ematen du horren berri. Partidua, ordea, defentsa onarekin bai, hamazazpi puntu baino ez baititu onartu talde zarauztarrak bere saskian, baina eraso pattalarekin hasi du Ulaciak, zazpi puntu baino ez baititu lortu hasierako laurdenean. Zortzi puntuko desabantaila pilatu du, beraz, partidu hasieran.

Bigarren laurdenean, ordea, eutsi egin dio defentsa onari, baina errazago iritsi da aurkariaren saskira. Hori horrela, bi puntura murriztu du Valladolideko talde gazte baina oso ondo entrenatuarekiko zuen desabantaila.

Koska bat gehiago estutu du defentsa Zarauzko taldeak partiduaren erdiko atsedenaldi luzearen ondorengo laurdenean, zortzi puntu baino ez baitizkio sartu CB La Flecha aurkariak. Zarauztarrek, aldiz, puntu kopuru horren bikoitza, hamasei, saskiratu dituzte, eta buelta eman diote markagailuari, sei puntuko aldea lortuz azken laurdenaren atarian.

Partiduaren azken laurdenean, etxeko taldeak gogor estutu du eta partiduaren bila joan da, baina zarauztarrek, gorabehera batzuk izan dituzten arren, kontzentratuta jarraitu dute lanean partidua amaitu arte, eta meritu handiko garaipena lortu dute sailkapenaren goikaldean dagoen talde baten aurka.

Partiduaren giltza Zarauzko jokalari guztien talde defentsa bikainean izan bada ere, nabarmentzekoa da erasoan Aitzol Eguzkitzak saskiratu dituen hogeita bat puntuak eta Mikel Larrañagak eman dituen zortzi asistentziak. Joko-antolatzaileak, gainera, jaurti dituen lau hirukoak sartu ditu, partidu benetan bikaina borobilduz.

Larunbateko partiduaren albiste nagusia garaipena izan den arren, azpimarratzeko datua da Zast-Ulaciak, partidu osoa kontuan hartuta, aurkariak baino hamar errebote gehiago hartu dituela. Zarauztarrek egindako defentsa onaren beste datu adierazle bat da aurkaria azpitik utzi duela batez besteko jaurtiketa ehuneko guztietan. Bueltan dugu, beraz, Zast-Ulaciaren bereizgarri den talde-defentsa bikaina. Oso lagungarri izango du denboraldiaren azken heren honetan.

Hemen partiduko estatistikak

 

AURREKOA    HURRENGOA