HASIERA GELDOARI BUELTA EMAN EZINDA, GALDU EGIN DU ZAST-ULACIAK 18. JARDUNALDIKO PARTIDUA
EBA saskibaloi ligan jokatzen duen Zast-Ulacia talde zarauztarrak hamar puntuko aldeaz galdu du larunbat honetan Urretxuko Aldiri kiroldegian Goierri Iparragirre 2020 taldearen aurka jokatu duen partidua, ligako 18. Jardunaldikoa. Markagailuak 70-60 emaitza erakutsi du berrogei minutuak amaitzean.
Zast-Ulacia taldeak partidu garrantzitsua zuen aurreko larunbatean Goierri-Iparragirre 2020 taldearen aurka, sailkapenaren beheko aldean zen aurkari bat atzean uzteko aukera baitzuen, baina ez du aldeko emaitzarik etxeratu.
Partiduaren hasiera-hasieratik jarri zaizkio zail gauzak Zarauzko taldeari, hasierako jauzian orkatila bihurritu baitu Imanol Artetxe pibotak. Geroztik, ez du partidua jokatzerik izan, eta taldeak errotazio bat gutxiago izan du barneko jokoan.
Hasierako jokaldi horretan izandako ezbeharrak aztoratuta, Zast-Ulaciak ez dio erritmorik hartu jokoari, eta Goierriko taldea, berriz, indar handiz irten da kantxara, defentsa gogor bat eginez. Bederatzi puntuko errenta hartu du etxeko taldeak lehen laurdenean, eta alde hori hamar punturaino igo du partiduaren amaieran.
Lehendabiziko laurden horren ostean, partidua kontrolpean izan du talde goierritarrak eta hemeretzi puntuko aldeaz iritsi da azken laurdenaren atarira. Zarauzko taldeak markagailua itxuratzea lortu du Rafa Silva jokalaria bilatuta, inspiratuta egon baita larunbateko partiduan, hogeita bat puntu sartuta. Ez dira nahikoa izan, hala ere, ordura arte Goierrik pilatuta zuen errenta ezerezean uzteko.
Taldearen bilakaera, hainbat intzidentziaren ondorioz, ez da izaten ari Jokin Collantes eta Andoni Lazkano entrenatzaileek nahi luketen bezalakoa, baina beste hamaika jardunaldi dituzte aurretik gora egiteko, eta horretan saiatuko dira, zalantzarik gabe.