ZAST-ULACIA GOIERRIN SAIATUKO DA ETXETIK KANPOKO BIGARREN GARAIPENA LORTZEN
EBA saskibaloi ligako AA multzoa aurrera egiten ari da bigarren itzulian, eta Zarauzko Zast-Ulacia taldeak hogeita hamar jardunaldietako hemezortzigarrena jokatuko du asteburu honetan. Urretxuko Aldiri kiroldegian jokatuko du, Goierri Iparragirre 2020 taldearen aurka, otsailaren 1ean, larunbatez, arratsaldeko 18:30ean.
Etxeko partiduak gotorleku izan dira orain arte Zast-Ulaciarentzat, sailkapenean daramatzan zazpi garaipenetatik sei Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian eskuratu baititu. Hala ere, sailkapenean goiko postuetan dauden taldeak izan ditu bisitari etxeko azken jardunaldietan eta liderra etorriko zaio bisitan etxeko hurrengo partiduan. Hori horrela, etxetik kanpo irabazitako partiduen saskian puntu gehiago sartzea komeni zaio, eta larunbat honetan izango du aukera, Goierriko taldearen aurka.
Norgehiagoka estua espero da bi taldeen artean. Zarauzko Aritzbatalden jokatu zen lehen itzuliko partiduan, emaitza Zast-Ulaciaren aldekoa izan zen, baina oso markagailu estuaz, puntu bateko aldea baino ezin izan baitzion atera Zarauzko taldeak goierritarrari. Partidua azken segundoetan erabaki zen, Aitzol Eguzkitzak zarauztarrak saskiratutako jaurtiketa libreen ondoren.
Goierriko taldea hamalaugarren postuan dago multzoko sailkapenean eta zarauztarrak hamaikagarren. EBA ligako sailkapenak berak erakusten du ez dagoela alde handirik taldeen artean; beraz, taldeek elkarren artean jokatzen dituzten joaneko eta itzuliko partiduen emaitzak erabakigarri izan daitezke amaierako sailkapenetan izan daitezkeen berdinketak erabakitzeko.
Etxetik kanpo Baskoniaren aurka galdu ondoren ekingo dio partiduari Goierriko taldea, eta Zast-Ulaciak, berriz, atsedeneko jardunaldiaren ondoren.
Zast-Ulaciak garaipena lortuz gero, orekatu egingo du sailkapenean irabazitako eta galdutako partiduen kontua, zortzina irabazita eta galduta izango baititu. Gainera, gauzak benetan zail jarriko dizkio sailkapenean aurkari zuzen duen talde Goierriko taldeari. Hori bai, emaitza aldekoa zein kontrakoa izan, Jokin Collantes eta Andoni Lazkanoren mutilek gogoz jarraituko beharko dute lehian denboraldia amaitu arte, liga estu-estua izango baita azken partidura arte.