Home ZAST

KADETE MUTILEK EUSKAL LIGAKO A2 MULTZOAN JOKATUKO DUTE

Pasa den asteburuan, gure kadete mutilek ezin izan zuten Araberri, talde gasteiztarra, mendean hartu (54-60) eta ondorioz Euskal Ligako A2 multzoan lehiatuko dute. Oraitz Garcia, taldeko entrenatzaileak, asteburuan bizitako esperientzia laburbiltzen digu ondorengo hitzetan.

<   >

ONENA IRISTEAR DAGO

Ezer galtzeko ez geneukala iritsi ginen Getxora. Ordizian duela bi aste eskuratutako opariaz gozatu eta zergatik ez amets egiteko ilusioarekin. Mezua argia zen, gozatu dezagun momentua, lasai jokatu eta datorrena ongietorria izan dadila, azken finean, galdu edo irabazi Euskal Ligan lehiatuko dugu datozen hilabeteotan.

Ez ginen momenturik onenean iristen partidura, Ordizian jokatutako lauko final aurreko hiru entrenamenduak maila eta intentsitate handikoak izan ziren, nabari zen taldea Euskal Ligarako txartela eskuratzeko gogoarekin zebilela. Baina, oraingoan gaixotasun eta lesioak medio jende gutxi eta intentsitate gutxikoak izan ziren azken sei entrenamenduak, baina, oztopoak oztopo dena emateko gogotsu zegoen taldea.

Ondo hasi genuen partidua, defentsan ondo kokatuta eta errebotean nagusi, sentsazio onak, erasoan gauzatzen ez ziren sentsazio onak, saskiratze errazak huts egiten. Parekatutako lehen minutuen ostean, Araberri lehen diferentziak eskuratzen hasi zen markagailuan, kanpoko jaurtiketetan asmatzen hastearekin batera. Guk baloi asko oparitu eta erasoan ez genuen argitasun askorik, baina, jarrera eta intentsitatearekin, bigarren laurdeneko azken minutuetan aldeko partziala eskuratu eta atsedenaldira 30-36 iristea lortu genuen, arabarren aldea 12 puntuan egon ostean.

Mezua argia zen, ez ginen gure maila ematen ari, ez erasoan ez eta defentsan ere eta desabantaila 6 puntukoa bakarrik zen. Hirugarren laurdena erritmoarekin hasi genuen puntu bakarrera jartzea lortu genuelarik, 37-38, aukerak izan genituen kontraeraso eta nagusitasunen bitartez markagailuan aurrea hartzeko, baina, sarrerak huts eginez eta baloiak galduz, arabarrek jarraitu zuten partiduko agintea izaten, bigarren zati osoan galdu ez zuten agintea.

Laugarren laurdenean susperraldia izan zuen taldeak, batez ere, zelai osoko presioari esker, baina, berreskuratutako baloiak ez ziren puntuetan gauzatzen. Azkenean, Araberrik merezitako garaipena eskuratu zuen, 54-60.

Amorratuta eta penarekin, aukera bikain bat eskuetatik ihes egin zigunaren sentsazioarekin, horrela itzuli ginen etxera. Baina, que nos quiten lo bailado, Euskal Ligako A2 mailan lehiatzeko prest dago taldea, datorrenari ilusioarekin begiratuz. Dudarik gabe, onena iristear dago!

Entzun entrenatzailearen adierazpenak HEMEN

AURREKOA    HURRENGOA