KADETE MUTILEK EUSKAL LIGAKO LAUKO FINALA JOKATUKO DUTE ASTEBURUAN
Oraitz Garciak zuzendutako taldeak jardunaldi garrantzitsu bat du larunbat honetan Getxoko Gobela kiroldegian. Bertan, Euskal Ligako Lauko Finala jokatuko dute goizeko 11:00tan eta Araberri, talde gasteiztarra, izango dute aurkari finalerdietan.
Denboraldiko momentu zirraragarrienetako baten aurrean aurkitzen dira gure Errendimenduko Kadete Mutilak. Gipuzkoa mailako lauko finala eskuratu ostean, Euskal Ligako A1 ala A2 multzoan sartzeko lehian arituko dira asteburu honetan Getxoko Gobela kiroldegian.
Taldearen entrenatzaile den Oraitz Garciarekin hitz egin nahi izan dugu, finalerdi honen nondik norakoak elkarbanatzeko:
- Gipuzkoa mailako lauko finala eskuratu ostean, nola joan da hurrengo erronka honen prestakuntza?
Jendez justu ibili gara azken bi asteotan, baina, ondo joan da prestakuntza, ez dugu ezer berezirik landu, baizik eta gure jokoan aurrera urratsak ematen jarraitu, taldearen indarguneak indartzen saiatuz eta ideia berriak sartuz taldea ez dadin erosotu.
- Zein da zuentzat lauko final honetan eskuratu nahiko zenuten helburu nagusiena?
Helburu nagusiena jada betea dugu, hemen egon eta lauko final hau jokatzeko aukera izatea. Duela bi hilabete, Axularren aurka galdu ostean, gaitza ikusten genuen Gipuzkoako lauko finalean egotea ere, baina, emaitzak lagun bertan izan ginen gure ilusio guztiarekin. Erronka ez genuen makala, ligan partidurik galdu gabeko Ordizia aurkari finalerdian, bere etxean, baina, mutilek egindako partidua, erakutsitako joko maila eta heldutasunak eraman gintuen finalera eta, bertan, azken urteotan gure aurkari zailena izan den Erroibide lehen aldiz garaitzea lortzea.
Behin hori guztia eskuratuta, asteburuari begira ez dugu inolako helburu zehatzik, gure ilusio eta gogo guztiarekin zelairatuko gara eta azkenean, bai, ikusi nahi dugula non egon litekeen gure maila datozen partiduei begira. Esperientzia bizi eta gozatzera goaz Getxora, ez dugu ezer galtzeko, gure onena eman eta gero saskibaloiak jarriko gaitu merezi dugun lekuan. Amets egitea doakoa da ezta?
- Nola aurkitzen da taldea erronka honen aurrean? Zein dira sentsazio nagusienak entrenatzaile zein jokalariengan? Urduritasuna nabari al da?
Taldea gogotsu eta itxaropentsu dago. Ordiziako lauko finalean, aitortu behar dugu, bi entrenatzaileak zur eta lur utzi gintuela taldearen jokoak, baina, batez ere, zelaian erakutsitako heldutasuna, momentu oro partiduan sartuta, aurpegia galdu gabe eta 40 minutuz patxada eta lasai jokatuz.
Aurtengoa, nire ziklo amaiera bat da, eta amets egiten nuen Euskal Ligara iristea talde honekin, eta lortu dugu, gure nahia eta sentsazioa da ahalik eta maila onena eman nahi dugula Euskadiko talde onenen aurka, horregatik, esango nuke gure sentsazio nagusia ilusioa dela, bertan egon eta gure onena emateko ilusioa.
Urduritasuna, momentua iristean tximeletak dantzan jarriko dira sabelean, Ordizian bezala, baina baloia airera jaurti eta segituan pasako da. Jokalariei helarazten diegun mezua da lauko finala opari bat dela, errealitate bihurtutako amets bat, eta, horregatik gozatu egin behar dugula, irribarre egin behar dugu zelaian, ingurukoaz ahaztu eta gure onena eman.
- Araberri duzue aurkari finalerdian, nolako neurketa espero duzue?
Tentsioz beteriko partidu bat izango da. Guk ez dugu beraien erreferentziarik, eta, ez dakit beraiek gurerik izango duten, horregatik, tentsio hori hobekien kudeatzen dakien taldeak egingo du aurrera. Guk gure partidua jokatzera joango gara, gure defentsa sendoa izatea lortzen badugu, erasoan erritmoa sartu eta trantsizioan jokatzeko aukera emango digu horrek. Hortik aurrera, aurkariak jar diezazkigukeen oztopoak gainditzen saiatu eta 40 minutuan lehiatzea da helburu nagusia. Ea saskibaloia alde izan eta igandeko finalerako txartela eskuratzen dugu, baina, presiorik gabe.
Zorte on mutilak eta segi dezagun saskibaloiaz gozatzen!