LUZAPENEAN GALDU DU ZAST-ULACIAK HAMASEIGARREN JARDUNALDIKO PARTIDUA
EBA saskibaloi ligako AA multzoan jokatzen duen Zast-Ulaciak luzapenean galdu du Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian Gasteizko Baskonia taldearen aurka jokatu duen partidua, ligako hamaseigarren jardunaldian. Emaitza ezin estuagoa izan da, 82-83, Baskoniaren alde.
Giro benetan paregabea zegoen gaur Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian, harmailak beterik eta ACB ligako Baskonia talde ahaltsuaren filiala ikusteko gogoa handia. Kaleko giroa bezain hotz hasi du partidua, ordea, etxeko taldeak, erritmorik hartu ezinik. Baskoniak sei puntuko aldeaz ekin dio partiduari hiruko bi saskiratzeri esker, baina Ulaciak, bere defentsa sendotu ahala, konfiantza hartu du bere erasoko jokoan ere, eta bi puntura murriztu du hasierako alde kezkagarri hori partiduko lehen laurdenaren amaieran.
Defentsa sendo hori koska bat estutuz eta jokoa bizkortuz, goitik behera menderatu du Zastek bigarren laurdena. Presio lan bikain baten ondorioz, baloi lapurretak egin ditu eta kontraerasoak zien barneraketak baliatu ditu hamahiru puntuko abantailaz iristeko partiduaren erdialdera.
Nabarmentzekoa izan da, bigarren laurden horren amaieran, etxeko jokalariaren goraldia. Azkar mugitu dute baloia, hiruko saskiratzeak lortu dituzte bikain egindako blokeoei esker, eta talde osoaren defentsa onak iparra galdurik utzi du Gasteizetik etorritako taldea.
Partiduaren denbora ofizialeko bigarren zatian, hirugarren laurdenean, gauzak aldatzen joan dira pixkanaka. Baskoniak bere jokalarien garaiera gailentzen hasi da, eta etxeko taldeari kosta egin zaio erasoko jokoaren abiadurari eta argitasunari eustea. Zast-Ulaciaren azken partiduetako eskema errepikatu da, eta pilatutako errenta jan dio aurkariak, arian-arian.
Azken laurdenean Zast-Ulaciak ezin izan du partiduak hirugarren laurdenetik zekarren inertzia aldatu. Gasteizko jokalariek, beren garaierari esker, errebotean nagusitzen jarraitu dute eta gero eta zailago egin zaie etxeko jokalariei gasteiztarren barneraldiak geldiaraztea.
Urduritasuna eta tentsioa gailendu dira partiduko azken minutuetan. Laurdenaren azken baloi edukitza Baskoniarena izan da partidua berdinduta zegoela, baina ez du azken jaurtiketa sartu eta luzapena jokatu behar izan da.
Zast-Ulaciak bi jokalari gutxiagorekin ekin dio azken laurdenari, bost falta pertsonal egin baitituzte arauzko berrogei minutuetan, eta luzapenean bertan beste jokalari bat galdu du. Joko antolatzailerik gabe jokatu behar izan ditu azken minutu horiek.
Zailtasunak zailtasun, partidua irabazteko azken jaurtiketa bat izan du etxeko taldeak azken segundoan, baina sartu ez denez, sasoi honetako zortzigarren porrota erdietsi du Zast-Ulaciak, etxean jasotzen duen bigarrena.
Galdutako partidu honen ostean, sailkapeneko hamaikagarren postuan da Zast-Ulacia, bederatzigarren postuan dagoen Tabirakorekin taldearekin berdinduta.
Datorren jardunaldian Zast-Ulaciak ez du partidurik izango, eta otsailaren batean jokatuko du hurrengo partidua, etxetik kanpo, Goierri – Iparragirre 2020 taldearen aurka, Urretxuko Aldiri kiroldegian.