ULACIA GRUPOn garaipen garrantzitsua etxetik kanpo
Arerio zuen aurka eta etxetik kanpo hiru partida lerrokatuko ditu ULACIA GRUPOk hurrengo hiru asteetan, denboraldiko zati gogorrena beharbada. Lehena, aurreko larunbatean poltsikora, 63-68 HERNANI TECNUN-en aurka. Garrantzi handiko garaipena sailkapenean aurrean jarraitzeko.
ULACIA GRUPOren egutegia hurrengo asteetan ez da nolanahikoa. Hiru partida etxetik kanpo lerrokatzen ditu, eta hirurak arerio zuzenen aurka. Asteburu honetakoa HERNANI TECNUN-en etxean zen eta Jokin Collantesen taldeak ez zion konpromezuari baldintzarik onenetan aurre egiten, Unai Eizagirre eta Beñat Jauregik ezin bait zuten jokatu.
Lehen minutuak aldapa gora hasi ziren zarauztarrentzat. Tecnun talde gogorra da, bereziki barrutik eta saskiratzea asko kostatzen zitzaion ULACIA GRUPOri. 11 minutuan etxekoak 12 gora egotera iritsi ziren. Handik aurrera zarauztarren defentsa aurkariaren jokora egokitzen hasi zen eta pixkanaka markagailuari buelta ematea lortu arte. Atsedenaldira 37-33 galtzen joan ziren, baina hirugarren laurdenaren hasieran aurretik jarri zen ULACIA GRUPO 41-42 eta hortik aurrera zarauztarrak izan ziren nagusi, beti ere errenta oso txikiekin.
Azken minutuetan etxekoak hainbat aldiz 3 puntutara jarri ziren baina Jon Sanz-en hiruko batek eta Aitzol Eguskitzaren bat bateko batek partida erabaki zuten.
Defentsa lan bikaina da partidako arlo nabarmenena bada ere, aipatzekoa erasoan Aitzol Eguskitza eta Julen Egañaren partida bikainak 17 eta 15 punturekin hurrenez hurren.
Garaipen honi ezker ULACIA GRUPOk bigarren postua mantentzen du. Zazpi jardunaldiaen faltan sailkapena dagoeneko argitzen ari da. Lehen sailkatua zuzenean igotzen da, hiru talde daude erronka horretan, Azpeitiko Disdira, ULACIA GRUPO eta Durangoko Tabirako. Hurrengo lau sailkatuak igoera fasea jokatuko dute EBAra igotzeko beste txartelaren bila.