Lehiaketa gehienetan ez da xamurra izaten kanpoan irabaztea eta horrelaxe gertatu zitzaion ULACIA GRUPOri. Oraingoan Gasteizen zuen erronka. Rodamientos Arizti sailkapeneko hirugarren taldetxoan dago, beherako postuetatik hurbil, baina ez du talde makala. Zarauztarrak lehen minutuetan nagusi izan baziren ere, hainbat minututan intentsitate falta erakutsi zuten Jokin Collantesen mutilek eta gasteiztarrak aurretik jarri ziren. Errenta ez zen batere mesprezagarria atsedenaldian, 42-32 etxekoentzat.
Bigarren zatian zarauztarrak nagusi izan ziren, eta batez ere azken laurdenean gauzatu zen ULACIA GRUPOren garaipena, 69-75. Oraingoan puntuak kanpoko lerrotik etorri ziren. Gasteiztarrak asko ixten ziren eta Julen Egaña eta Estanis Andresek hiruna hiruko sartu zituzten. Hurrenez hurren 21 eta 18 punturekin biak izan ziren partidako saskiratzailerik nabarmenduenak.
Sailkapenari dagokionez, borbor darrai. Durangoko Tabirakok etxean galdu du lideraren aurka. Durangotarrak zarauztarrekin batera sailkatuak zeuden bigarren postuan. Orain ULACIA bakarrik dago bigarren postuan 13 garaipenekin, azpeitiarren garaipen bakar batetara.
Hurrengo igandean Arizbatalden jolasten dute Jokin Collantesen mutilak Iruinako San Cernin-en aurka. Iruinako taldeak ez du garaipenik ezagutzen oraindik eta maiz kosta egiten zaio lehiatzeko maila erakustea. Bai edo bai irabazi beharreko partida beraz.