Lehen itzulia ezin hobeto amaitu du ULACIA GRUPOk. Jardunaldia hasi aurretik lau talde zeuden lehen postuan berdinduta eta kasualitatez elkarren arten jokatzen zuten. Bata Logroñon (LBC. Cocinas - Disdira Bitxitegia), bestea Ariztbatalden (ULACIA Grupo - Tabirako Baque). Bi partidatan gipuzkoarrak suertatu ziren garaile. Beraz lau garaipen segidan lerrokatu ondoren Jokin Collantesen mutilak sailkapeneko lehen postuan jarraitzen dute 10 garaipen eta 3 porrotekin, Disdira Bitxitegiarekin berdinduak.
Partida aldapa gora hasi zen etxekoentzat. Durangotarrak oso erritmo biziarekin atera ziren eta hiruko marratik portzentai bikainak erakutsiz abantaila polita eskuratu zuten, 11-22. Hamar minutu horiek behar izan zituen etxeko taldeak aurkariak eskatzen zuen erritmoari aurre egiteko. Partidak topera jolastera eskatzen zuen eta ULACIA GRUPOk aurrerapauso hori emateko gaitasuna erakutsi zuen.
Hurrengo hiru laurdenak etxekoentzat izan ziren, baina ez gutxi sufrituta. 29. minutuan jarri zen etxeko taldea lehen aldiz aurretik. Dena den berdintasuna izan zen nagusi laugarren laurdenean eta 52 segundun faltan bizkaitarrak 66-67 ziren aurretik. Zortzi tiro libre eduki zituzten zarauztarrak azken minutu honetan eta ziurtasun handia erakutsi zuten zazpi sartuz, tartean Estanis Andresek sei. Estanis bera izan zen partidako jokalaririk erabakiorrenetakoa 16 punturekin. Barrutik berriz Aitzol Eguskitza 19, eta Beñat Jauregi 13, nabarmendu ziren.
Postu ezin hobean geratzen da talde zarauztarra bigarren itzuliari begira. Etxean hasiko du igande hontan bertan. Parean Beasaingo BKL-koak, azpiko postuetan badabiltza ere talde polita dute goierritarrak eta Beasainen Ulaciakoak puntu bakar batez gailendu ziren. Beraz, ohituak gauden bezela, partida parekatua espero da.