Home ZAST

MVP, MVP

Aitzol Eguskizak eskuratu zuen Gizonezkoen Lehen Mailako All Starreko MVPa.

<   >

Gabonen atsedenaldiaren ostean, izerdia majo botatzen ari dira ZASTeko jokalariak asteburu honetan berriro ere lehiaketari ekiteko. Ez pentsa gabonetan turroi eta polboroi artean galduta ibili direnik, ez ez, lanean aritu dira, 2019ari gogotsu eta ilusioarekin ekiteko.

Azken albistean aipatzen genizuen abenduak 29an jokatu zela Lehen Mailako All Starra Durangon eta bertan Ulacia Grupoko bi jokalari izan genituen mutilen partiduan lehiatzen, Aitzol Eguskitza eta Julen Egaña, azken horrek hiruko lehiaketan ere parte hartu zuen, baina ezin lehen fasea gainditu. Aitzolek, aldiz, bere aztarna utzi zuen Durangon, Ekialdeko konferentziako kapitain, partiduko MVPa izendatu zuten, bere jokatzeko trebezia eta gaitasuna argi erakutsiz. Ekimen horren bideoak argitaratu berri ditu Euskadiko Saskibaloi Federazioak:

All Starraren laburpena: https://www.youtube.com/watch?v=y204rfgZV4E

Gizonezkoen partidua osorik: https://www.youtube.com/watch?v=oTJ2o7tauLo

Aitzol MVP saria jasotzen: https://www.youtube.com/watch?v=K2rUOIGKREA&t=272s

2019ko lehen partidua jokatuko du Ulacia Grupok igandean Aritzbataldeko babespean Urgatzi talde gasteiztarraren aurka, 2018ko Azpeitiako azken partiduak utzitako aho zapore gozoari jarraipena ematea izango dute helburu Jokin Collantesen mutilek.

Senior mailako taldeek ere asteburuan berrekingo diote lehiari, senior neskek garaipenak pilatzen jarraitu nahi dute sailkapeneko goiko postuetan mantentzeko; lehen mailakoek Aloña Mendi liderra bisitatuko dute, erronka zaila, baina garaipena lortzeko ilusioarekin goiko postuetan kokatu eta lauko finalerako lehian buru-belarri sartzeko; bigarren mailako mutilek, denboraldiko lehen garaipena eskuratzea dute helburu urte berria hastearekin batera. 

Errendimenduko junior eta kadete taldeek, behin euren mailetako Euskal Ligako igoera faseak jokatuta, bigarren itzuliari ekingo diote asteburu honetan bertan. Lau taldeak bigarren itzulian urratsak ematen jarraitzea bilatuko dute ea garaipenak pilatu eta Gipuzkoako lauko finaletarako txartelak eskuratzen dituzten. Errendimenduko infantilen taldeak esperientzia pilatzen eta partiduz partidu ikasten jarraitzen bilatuko dute.

Partaidetzako taldeek euren lehiaketekin jarraituko dugu, euren formakuntzan aurrera urratsak eman eta saskibaloiarekin gozatzen jarraitzeko, askok denboraldiko bigarren fasea hasiko dute.

2019ari gogotsu eta itxaropenarekin begiratzen diogu ZASTetik, ea ondo joaten zaigun! Urte berri on!

AURREKOA    HURRENGOA