Euskadiko Saskibaloi Federazioak lehen aldiz antolatuko du Lehen Mailako Gizonezko eta Emakumezkoen All Starra. Zita hori, bihar, abenduak 29, izango da Durangon.
Hainbat ekintza antolatu dituzte egunaren inguruan, baina, garrantzitsuenak bi dira: ligako jokalari onenen arteko partidua eta hiruko txapelketa.
Partiduan bi ordezkari izango ditu Ulacia Grupok, Aitzol Eguskitza, pibota, eta Julen Egaña, hegalekoa. Biak, Ekialdeko Konferentzia taldean arituko dira, jokalari hauekin batera: Arri BKLko Iñigo de la Hera eta Jon Ander Apaolaza, Atletico SS-ko Pablo Corral eta Xaboer Etxenike, Avia Zizur Ardoieko Aitor Flores, Redline Mekanika Takeko Beñat Azaldegi eta Iñigo Moreno eta San Cernineko Ignacio Aisa. Entrenatzaileak Jon Azaldegi eta Jose Alberto Martinez izango dira.
Parean, Mendebaldeko Konferentziako taldea izango dute, jokalari hauek osatzen dutena: Disdira Bitxitegia ISBko Aitor Astigarraga, Getso SB-ko Asier Gonzalez eta Xabier Azpitarte, LBC cocinas-com-eko Lawrence Obaje eta Quique Suarez, Tabirako Baquéko Xabier Arroitajauregui eta David Tudela, Universidad Deusto Loiola Indautxuko Aitor Lopez eta Iker Moja eta Urgatziko Mario Madinabeitia. Mendebaldeko taldeko entrenatzaileak izango dira Julen Berrocal eta David Rodriguez.
Mutilen partidua arratsaldeko 17:00tan hasiko da eta jarraian etorriko da emakumezkoena, 19:30etan. Partiduek bere berezitasunak izango dituzte. Ohikoa ez den gisan, 8 minutuko lau laurden jokatuko dituzte eta horri 4 puntuko urruneko jaurtiketa ere gehitu diote.
Bi partiduen artean, hiruko jaurtiketen txapelketa jokatuko da eta bertan arituko da Julen Egaña bere jaurtiketarako dohaiak erakusten. Zortzi izango dira parte hartzaileak, lau emakumezko eta lau gizonezko: Alazne Larrea, Eva Sara Ortega, Ane Larrinaga, Mirari Aldekoa, Xabier Etxenike, Quique Suarez eta Xabier Arroitajauregui izango dira Julen Egañarekin lehiatuko direnak. Irabazleak txapela eramango du etxera.
Gure zorterik onena Aitzol Eguskitza eta Julen Egañarentzat!