Home ZAST

Kolpe bat mahaian!

Garaipen handia eskuratu zuen Ulacia Grupok Azpeitian 62-72 Disdira Bitxitegia ISBren aurka, orduko liderra.

<   >

Urtea amaitzeko, orain Gabonetako atsedenaldia baitator, ez zuen batere erronka makala Ulacia Grupok, Azpeitia bisitatu beharra zuen, beti plaza zaila izaten dena, ligako sailkapeneko goi postuan zegoen Disdira Bitxitegia ISB taldeari egin beharko zion aurre. Bi porrot jarraian jasota iristen ziren Jokin Collantesen mutilak, horregatik partiduko helburu nagusienetako bat zen sentsazio onak berreskuratu eta lehiakortasunaren bideari helduta garaipenerako lehian egotea.

Azken partiduak ez zuen batere zapore gozoa utzi zarauztarrengan. Aritzbatalden LBC cocinas.com talde errioxarra garaitzeko eskuetatik ihes egin zien, egun txar baten ondorioz. Entrenamenduetarako taldea osatzeko zailtasuna, lesioek gogor jota, abenduko zubiko atsedena…hainbat eta hainbat oztopok bat egin zuten, Ulacia Gruporen bidea asko zaildu zutenak.

Hori guztia atzean utzi eta sentsazio onak berreskuratu nahi zituen taldeak. Astean zehar ondo lan egin eta gogotsu iritsi ziren Azpeitiara, zuten onena eman eta aukerak izanez gero horri heldu eta garaipena eskuratzea, horrela mahaian kolpe bat emateko aukera izango zuten, gainontzeko taldeei esanez, hemen gaude eta oraindik ere asko dugu esateko!

Jokin Collantesek denboraldiko partidurik borobilena  jokatu zutela iritzi dio: “gustura nago egin dugun partiduarekin, orokorrean orain arteko partidurik borobilena izan dela uste dut. Intentsitate, erritmo eta kontzentrazio handiarekin jokatu ditugu 40 minutuak, atzean lan ona eginez eta erasoan baloia ongi mugituz aukera onak bilatuz. Bagenekien hau guztia beharrezkoa izango zela Disdira Bitxitegia bezelako talde gogor bati aurre egiteko eta jokalariak gai izan dira lehen minututik azkenera partidak eskatzen zuen mailara egoteko”.

Jarrera bikainarekin zelairatu ziren Jokin Collantesen mutilak. Defentsan ez zizkieten gauzak batere erraz jartzen azpeitiarrei, ideiak oso argi zeuzkaten, erasoan asmatzea soilik falta zitzaien. Lehen bost minutuetan parekotasuna izan zen, berdinketak, edo puntu bat edo biko aldeak bi taldeentzat. Imanol Eceizaren hiruko baten eta Estanis Andresen biko saskiraketa bati esker lau puntuko aldea zaruztarrentzat, 7-11, aurrea hartu markagailuan eta horri helduko zioten partidua amaitu bitarte. Lehen laurdeneko azken bost minutuetan sartuta, kolpeka jardun ziren bi taldeak, Disdira Bitxitegiak lortzen zuen markagailua berdintzea, baina 15-15tik, 0-6ko partziala eskuratu zuen Ulacia Grupok eta lehen hamar minutuen ostean 15-21, hasiera polita.

Azpeitiarren saskiratze bakoitzak, zarauztarren erantzuna jasotzen zuen. Olatu ona hartu eta horren gainean jarraitu zuten Jokin Collantesen mutilek bigarren laurdenaren hasieran. 4. Minuturako aldea 8 puntura zabaltzea lortu zuten Beñat Jauregiren hiruko bati esker. Erraz ari ziren erasoan, jokaldiak pazientziaz garatu eta baloia alde batetik bestera mugituz jaurtiketa garbi eta errazak topatuz. 7. Minutura bidean 21-32 erakusten zuen markagailuak, Aitzol Eguskitzaren saskiratze baten ondoren. Baina minutu bakarrean 7-0ko partziala eskuratuta markagailua estutu zuen Disdira Bitxitegiak, 28-32. Marjin horretan ibili zen laurdeneko azken minutuetan markagailua, atsedenaldira iristerako, 32-36.

A zer hirugarren laurden hasiera izan zuen Ulacia Grupok. Atsedenaldian Jokin Collantesek ajuste txiki batzuk egin, hobetu beharrekoak zuzendu eta garaipenerako gakoak ondo ezarri eta erauntsi baten gisara zelairatu ziren. Estanis Andresen hiruko batekin hasi eta beste batekin itxi ziren laurdeneko lehen bost minutuak, 2-12ko partziala, eta markagailuan 34-48. Itxura polita ematen ari zen taldea, gozatzen ari zen zelaian. Argi zegoen azpeitiarrek ez zutela amore emango, barruan zutena zelairatuta, indar eta energia guztiarekin, laurden amaieran sei puntura murriztu zuten desabantaila, 48-54.

10 minutu eta dena erabakitzeke. 30 minutuetan joko maila ona, defentsan sendo, Disdira Bitxitegiaren alde onak gutxituz eta erasoan ideia argiekin. Baina, jakin bazekiten majo sufritu beharko zutela garaipena eskuratu nahi bazuten. Puntu bakarrera gerturatu ziren azpeitiarrak, 53-54, hirugarren minutua jokoan zela. Baina, momentu hartan David Rodriguezek, Iraurgiko entrenatzaileak, teknika bat jaso eta arnasa hartzeko aukera eman zien zarauztarrei, Beñat Jauregiren beste hiruko batekin, 7 puntuko aldea 6 minuturen faltan. Jon Zabarteren hiruko batek lau puntura murriztu eta berriro ere hauspotu zituen etxekoak, baina Ulacia Grupok ondo eutsi zion garaipenari, barruan zuten guztia emanda eta azken esfortzu bikain bati esker garaipen ikusgarria poltsikoratzea lortu zuten, 62-72.

Azken asteotako zailtasunak azpimarratu dizkigu entrenatzaile zarauztarrak: “jokalari askoren bajak izan ditugu azken asteetan, 2 porrot generamatzan jarraian, etxetik kanpo jokatzen genuen liderraren aurka... printzipioz ez zen egoerarik onena partidari aurre egiteko, baino denek, astean zehar eskatu diedan bezela, momentuan eman zezaketen mailarik onenean aritu dira, azken astetako dudak atzean utziz, talde lan bikaina eginez gainera. Gabonetako aste hauek ongi etorri kozaizkigu erdi-purdi dauden jokalariek beraien benetako maila berrezkuratu ahal izateko”.

Irribarreak, jauziak, besarkadak, horiek guztiak ziren nagusi Azpeitiako Kiroldegiko zelai gainean behin partidua amaituta. Esfortzu handi egin zuten jokalariek, oztopo guztiei aurre egin eta talde sendo gisa aurkeztu zuten euren burua beste behin. Argi utzi zuten zerbait garrantzitsua esan nahi dutela aurten eta larunbatean bezala, zelaian gozatzen jarraitzen badute, garaipenen poltsa ondo beteko dute Jokin Collantesen mutilek. Orain Gabonetako atsedenaldi luzea, urtarrilak 12an itzuliko da lehiaketa, bien bitartean, Eguberi eta Urte Berri On!

AURREKOA    HURRENGOA