Home ZAST

Eskura izan, baina heldu ez

Denboraldiko bigarren porrota jaso zuen Ulacia Grupok larunbatean Getxon jokatutako partiduan, 66-69 Getxo S.B. garaile.

<   >

30 minutuz nagusi izan zen partidua. Beste behin, ez zion egoerarik onenean aurre egiten partiduari, lesioek ere berriro taldea jo eta 9 jokalarirekin joan zen Ulacia Grupo Getxora lidertza sendotzeko asmoarekin. Ez zen erronka makala, baina, beste behin zarauztarrek erakutsi zuten aurten ez diotela edozein erronkari muzin egiten eta beti daudela dena emateko prest eta aurkariari gauzak zail jartzeko.

Ideia horrekin irten ziren zelaira eta ideia horrekin ibili ziren partiduko lehen 30 minutuetan zehar. Lehen zatian zarauztarrak nagusi izan ziren, partiduko jabetza izan zuten eta gauzak argi eginez, partiduan aurretik mantendu ziren, nagusi, eurek nahi zuten aldera eramanez partidura. Egia da Ulacia Grupok ez zuela alde zabalik lortzen markagailuan, getxoztarrak gogor eusten zioten eta ez zieten zarauztarrei markagailuan alde egiten uzten. Aaron Centenoren hiruko bati esker markagailuko alderik handiena lortu zuten lehen laurdenean, 16-22.

Aaronen beste hiruko bat izan zen bigarren laurdeneko lehenengo saskiratzea, 16-25, 9 puntuko aldea, itxura polita zuen partiduak. 8 punturen inguruan ibili zen zarauztarren abantaila laurden osoan zehar, bazirudien partidua kontrolpean zutela Jokin Collantesen mutilek, alde horrekin iritsita atsedenaldira, 29-37.

Jokinek lehen zatiko defensa ona azpimarratu zuen: “partidu hasiera berdindua izan zen, erritmo handiarekin ekin genion partiduari bi taldeek, akatsak eta saskiratzeak tartekatuz. Lehen zatian ondo kudeatu genuen markagailuan lortzen gindoazen abantailak, batez ere defentsan egindako lan onari eta hiruko marratik izandako portzentai onagatik”.

Denboraldiko zazpigarren garaipenerako bidean zeuden zarauztarrak, baina beraiek aurreko jardunaldietan egin bezala, bazekiten Getxok ez zuela besterik gabe amore emango, ez zituela besoak jaitsiko, eta hala izan zen. Etxean jokatzeak ematen duen indarraz eta energiaz baliatuta pixkanaka-pixkanaka markagailuko aldea murrizten joan zen, lau puntura gerturatu, eta Ulacia Grupok erantzuna eman eta 5ra luzatzen zuen. 4 minuturen faltan 43nako berdinketa, baina Izotz Barrioren hirukoak berriro abantaila zarauztarrei, Beñat Jauregik 5ra luzatu zuen abantaila hori, baina getxoztarren erantzuna etorri eta azken hamar minutuen faltan, 47-49 markagailuan, dena erabakitzeke, aldea zarauztarrentzat.

Defentsan emandako aukerak ondo baliatu zituzten getxoztarrek markagailuko aldea murrizten joateko Jokinen iritziz: “partidua apurtzeko aukera ikusten genuen atsedenaldian, horretarako lehen zatiko intentsitateari eta jokoari jarraipena eman behar genion, baina bigarren zatiak ez zuen lehenengoaren bide beretik jarraitu. Atzean eman genituen aukerak ongi baliatu zituzten getxoztarrek markagailuan urbiltzen joateko eta lehen zatian izandako punteria ere galdu genuen”.

Kolpeka jardun ziren bi taldeak azken laurdeneko lehen minutuetan, berdinketak, batek 2 puntuko aldea eskuratu eta besteak erantzunez agintea hartu berriro. Baina 54nako berdinketaren ostean etorri ziren Ulacia Gruporen minuturik txarrenak, minutu eta erdian 8-0ko partziala jasota garaipena eskuetatik aldentzen hasi zitzaien. Baina argi erakutsi duten orain arte zarauztarrek, aurten ez dute etsitzeko ez eta amore emateko inolako asmorik eta horrela azken minutua iristearekin batera puntu bakarreko aldea lortu zuten markagailuan, 64-65. Partidura itzulita, balentria lortuta, lidertza sendotzeko aukera eskura. Baina, ez, 5-2ko partziala bizkaitarren alde eta garaipena etxean geratu zen, denboraldiko bigarren porrota Jokin Collantesen mutiltentzat.

Laugarren garaipena eskuratu ez izanaren penarekin agertu zitzaigun Jokin: “ezin izan genien azken lau garaipenei jarraipena eman. Getxoztarrak dinamika hobean ikusten ziren, baina lortu genuen partiduan mantentzea 6minutu falta ziren arte. 54nako berdinketarekin, bizkaitarrek 8-0eko partziala lortu zutenean 2minututan, partidua maldan gora jarri zitzaigun, baina, badirudi talde honi erronka zailak gustatze zaizkiola. Beste behin, amore eman beharrean, aurrera jarraitu genuen lanean, eta 2-11ko partzial batekin partidua iraultzea lortu genuen azken minutuan sartzearekin batera. Azken minutuan sartuta eta dena erabakitzeke, beste behin baina orain arte txanpona ZASTekoen alde erori bada, oraingoan aurkariek asmatu zuten garaipena Getxon gera zedin”.

Orain arte jokatutako partiduetan gertatu bezala, garesti saldu zuen porrota Ulacia Grupok. Ez zuen amore eman, oztopoei aurre egin zien eta horien guztien gainetik garaipena eskura izan zuten. Bigarren porrota jasota, bakarkako lidertza utzi zuen Ulacia Grupok, lidertzan berdindu baitiete Atletico San Sebastian, Tabirako Baque, LBC cocinas.com eta Disdira Bitxitegia ISBk. Lidertzan dauden bi talde nor baino nor igandean Aritzbatalden, Logroñoko LBC cocinas.com taldearen bisita jasoko baitu Ulacia Grupok, aukera paregabea kolpetik altxa eta garaipenaren bidean berriro jartzeko.

AURREKOA    HURRENGOA