Oraindik ere igandeko partiduaren aho zapore gozoa dastatzen jarraitzen dugunean, badator jardunaldi berri bat Ulacia Gruporentzat, gainera bigarren jardunaldiz jarraian etxean jokatuko dute Jokin Collantesen mutilek, igandean 18:00tan Aritzbatalden, zaletuen berotasunean eta babespean, gainera gipuzkoar derbia, Redline Mekanika TAKEren bisita jasoko dute zarauztarrek.
Ondo ezagutzen diren bi talde arituko dira aurrez aurre, EBA ligan elkarren artean lehiatzen aritu ziren bi denboraldiz eta urteetan Gizonezkoen Lehen Mailako derbien intentsitatea ere gogoan dugu. Batak zein besteak ez dute elkarren arteko misteriorik, jokalari aski ezagunak eta bakoitzaren gabeziak non dauden ondo ezagutzen dituzten bi entrenatzaile. Etxeko bi entrenatzaile debutari arituko dira nor baino nor, lan bikaina egiten ari diren bi entrenatzaile, tolosarren aulkian zelaian aurkari izandako Jon Azaldegi topatuko baitugu.
Sailkapeneko goikaldeko bi talde, Ulacia Grupo lidertzan da Hernani Tecnun eta Disdira Bitxitegia taldeekin berdinduta, garaipen bakarrera dagoen lau taldeko multzoan aurkituko dugu Redline Mekanika TAKE. Bolada onean iristen da talde tolosarra, San Cerninen aurka garaipen garbi bat eskuratu ostean.
Bi zutabe ditu aurkariak: Lander Lasa eta Beñat Azaldegi. Urrezko LEB Ligan GBCn aritutako hegalekoak esperientzia handia du, jaurtitzaile fina eta bere kabuz partiduak aurrera ateratzeko gai da, 12,5 puntu ari da eskuratzen bataz beste, jokatzen dituen partiduetan. Baina Landerren lan garrantzitsua bada, zer esan Beñat Azaldegiren inguruan, barruko jokoko oinarria, zenbaki bikainak egiten ari dena denboraldiaren hastapen honetan, partiduko 12,3 puntu eta 10,8 errebote pilatzen ditu tolosarrak, 19,2 puntuko balorazioa eskuratuz partiduko. Horri esperientziadun jendea eta harrobiko jokalari gazteak gehitzen zaizkie. Aurkari zaila, garaipena garesti salduko duena.
Ulacia Grupo bolada onean iristen da, igandeko garaipen handiak energiaz eta gogoz bete ditu Jokin Collantesen mutilak, ondo entrenatzen ari dira aste honetan, irribarretsu eta gogotsu igandean bolada onari jarraipena emateko. Badakite garaipena eskuratzeko majo sufritu eta lan handia egin beharko dutela, baina zaletuei ikuskizun ederra eskaintzen jarraitu nahi dute, partidu borobila eta beste garaipen bat oparitzen, ea oraingoan ez dieten asko sufriarazten.
Euskaraldiaren alde
Gipuzkoar derbia baliatuko du ZASTek Euskaraldiarekin bat egin eta bertan parte hartzeko gonbita luzatzeko bertaratzen direnei. Partiduaren hastapenetan bi taldeek kanpainaren aldeko pankarta batekin bat egingo dute Euskaraldiarekin eta partiduko atsedenaldian ZASTek bere hamaikakoa aurkeztuko du. ZASTek bere kideak animatzen ditu 11 egun euskaraz bizi eta Ahobizi edo Belarriprest bezala parte har dezaten.