Home ZAST

Begiak igurzten jarraitzen dugu

Garaipen handia, ikusgarria eta bikaina eskuratu zuen Ulacia Grupok igandean Hernani Tecnun Gizonezkoen Lehen Mailako liderraren aurka.

<   >

Partiduko 24. minutua, markagailuan 28-48 donostiarren alde, bazirudien zarauztarrei garaipenak ihes egin behar ziela. Liderra, lidertzan zergatik zegoen argi erakutsi zuen, joko lasaia, erraztasunez jokatuz eta ideiak argi. Ulacia Grupori aldiz ez zitzaion ezer ateratzen, jaurtiketa errazak huts egin eta errebotean asko sufritzen ari zen.

Momentu erabakiorra zen, besoak jaitsi eta azken minutu arte sufritzea, edota ordu arte egindakoa ahaztuta balentriaren bila joatea. Hutsartea eskatu zuen Jokin Collantesek eta jokalariei argi esan zien, ez zen arbela edota azalpen taktikoetarako momentua, jokalariek barruan zuten guztia eman eta borrokatzeko momentua zen, energiarekin zelairatu eta markagailuari buelta ematen saiatzea.

Ulacia Grupoko jokalariek bigarren aukera hautatu zuten eta a zer ikuskizuna eskaini ziguten Aritzbataldera bertaratutakoei hirugarren laurdeneko azken 6 minutu horietan. Hirukoak, defentsako intentsitatea, kontraerasoak, ikuskizun bikaina, jokalarien energiak harmailak kontajiatu eta guztion artean ezinezkoa zirudiena errealitate bihurtzea lortu zuten. 28-6 partzialari esker hirugarren laurdena aurretik bukatu zuten zarauztarrek, Estanis Andresek erreskadan lortutako bi hirukoei esker. Festa harmailetan, aulkian eta zelaian, baina oraindik hamar minutuz lan egin eta sufritu behar, hamar minutuz ez, hamabost minutuz, luzapenera joan baitzen partidua. Markagailura begiratu eta begiak igurzten genituen, ezin sinetsita bertan ikusten genuena.

Alternatiben laurdena izan zen azkena, Ulacia Grupok bere hauspoaldiari jarraipena eman zion, Hernani Tecnuni ideiak xahutzen joan zitzaizkion. 10 puntuko aldea ere lortu zuten zarauztarrek, baina donostiarren azkeneko esfortzu batek partidua luzapenera eraman zuen. Luzapenean zarauztarrek hasieratik eskuratu zuten abantaila eta horri eustea lortu zuten bost minutuetan, nahiz eta laugarren laurdeneko azken minutuetako traza ere izan zuen partiduak. Garaipena etxean geratu zen, garaipen handia, bikaina, ikusgarria eta afizioa egiten duen horietakoa.

Jokin Collantesek ez zuen azalpenik topatzen bere taldeak egindako hirugarren laurdeneko azken txanpa horri buruz hitz egiteko: “gora-behera handiko partidua izan da. Lehen 25minutuetan aurkariak izan dira partiduko erritmoaren jabe, konfiantza handiarekin jokatu dute, une oro gehien komeni zitzaizkien aukerak hartuz. Guk minutu hauetan ez dugu asko asmatu saskiari begira, nahiz eta askotan aukera onak aurkitu eta horrek pixkanaka konfiantza galtzera eraman gaitu, gainera defentsako lana txarra izan ez den arren, bigarren aukera asko eman dizkiegu eta horrek min handia egin digu. 28-48 atzetik ikusi gara 24. minutuan, eta ondoren gertatu dena zaila da azaltzen, 6 minutuan markagailua irauli dugu ondoren partidua luzapenean irabazteko. gutxitan bizitzeko aukera izaten diren minutuak izan dira eta espero taldeak niri gozarazi didan bezain beste gozarazi izana Aritzbataldera hurbildu direnei”. 

Entrenatzaile zarauztarrak argi dauka partiduko giltza jokalarien esku izan dela, beraiek eman dute kolpe bat mahaian eta ligako aurkariei esan diete aurten Ulacia Grupo gauza asko esan eta egiteko prest dagoela: “partiduko giltza jokalariek izan dute, dena galdutzat eman beharrean, aurrera pausu bat eman dute, markagailua alde batera uzteko ahalmena izan eta jokaldiz jokaldi partiduaren dinamika aldatu dute txanpona gure aldera erori den arte”.

Jokalarien energía eta lan horri hurrengo partiduetan jarraipena ematea izango da Jokinen helburu nagusietako bat, argi dauka jarrera horrekin talde gutxi izango direla zarauztarrak garaitzeko gai: “ taldeak lanean jarraitu izana amore eman beharrean da zalantzarik gabe partidutik gehien gustatu zaidana eta sentimendu bera izango nuke azkenean galdu izan bagenu. Barrutik atera duten indar hori mantentzea izango da orain nire lana, bultzada hau mantentzen badute uste dut asko gozatuko dutela urtean zehar, eta guk beraiekin”.

Jarrai dezala festak, jarrai dezala ikuskizunak, igandean gipuzkoar derbia Aritzbatalden!

AURREKOA    HURRENGOA